Xabier Arzalluz

Alderdi ugaritako ordezkariak elkartu dira Arzalluzen beilatokian

Buruzagi jeltzale historikoaren senide eta lagunak elkartu dura Xabier Arzalluz EAJko buruzagi historikoa izandakoaren beilatokian. Ordezkari politiko joan dira bertara, Arzalluzi azken agurra emateko. Hileta elizkizuna bihar izango da, 19:00etan, Azkoitiko Andre Mariaren Zeruratzea parrokian.

Xabier Arzalluz, 2000. urtean, Barakaldon (Bizkaia) emandako hitzaldi batean. LUIS TEJIDO / EFE
2019ko martxoaren 1a
09:34
Entzun 00:00:0000:00:00

Gizarteko eta politika munduko ordezkari ugari bildu da gaur Begoñako basilikan, Bilbon. Han da Xabier Arzalluz Antia (Azkoitia, Gipuzkoa, 1932 - Bilbo, 2019), 22 urtez EAJren EBBko buru izandakoaren hil kapera. 10:00etan ireki dute, eta senide eta lagunak hantxe izango dira egun osoan.

EAJk Arzalluzen heriotzaren berri ematearekin batera, olatu handi baten antzera, haren figura gogoratzen zuen mezu erauntsia etorri zen atzo. Gaur, hil kapera bisitatu dute hainbatek. Esaterako,10:45ean, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia izan da, eta, eguerdi aldera, Txema Montero abokatu eta HBko kide izandakoak bisitatu du beilatokia. EAJren EBBko kideak 13:00etan joan dira, Andoni Ortuzar buru dutela.

Ortuzarren esanetan, Arzalluzi egin diezaioketen "omenaldirik onena bere bidea jarraitzea" da. Ortuzarrekin batera izan dira Emilio Olabarria, Koldo Mediavilla, Itxaso Atutxa, Joseba Egibar, Jose Antonio Suso, Juan Mari Aburto eta Josune Ariztondo. Azken hori, EBBko idazkari izan zen Arzalluz alderdiaren buru zela. Ariztondoren esanetan, "galera handia" izan da Arzaluuzena. "Urteetan eta oraintxe erreferentzia izan den gizona. Bai EAJn, baita alderditik kanpo ere. Urte asko pasatuko dira halako buruzagi bat berriz ezagutuko dugun arte".

EH Bilduren ordezkaritza bat ere bertan izan da, arratsaldean. Arnaldo Otegi, Maddalen Iriarte, Jone Goirizelaia eta Jon Iñarrituk agurtu dituzte Arzalluzen senide eta lagunak. Otegiren esanetan, Arzalluz "bere herriaren alde borrokatu zen abertzele osoa" izan zen. Adierazi du askotan eztabaidatu zuten arren, eta desadostasun politiko "sakonak" bazituzten ere, Arzalluzek eta berak helburu bera izan dutela: "Euskal Herri libre bat eraikitzea".

Ezker abertzaleko hainbat kide historiko ere bertaratu dira. Tasio Erkizia, Antton Etxebeste, Rufi Etxeberria eta Rafa Diez beilatokian izan dira.

Elkarrekin Podemoseko bozeramaile Lander Martinezek ere bisita egin du. Doluminak eman dizkie EAJ presidente ohiaren senideei. Martinezek adirazi du nabarmena izan dela Arzalluzek Euskal Herriko politikaren historian izan duen pisua.

Arzalluzen beilatokian izan da Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia ere. Arzalluzek euskal politikan eta estatuko politikagintzan izan duen eragina "oso garrantzitsua" izan dela nabarmendu du. Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakari ohiak eta Miguel Angel Morales PSE-EEko antolakuntza idazkariak lagunduta joan da Mendia beilatokira.

Euskal Herritik kanpoko ordezkaririk ere izan da gaur EAJko buru izandakoaren beilatokian. Francisco Alvarez Cascos PPrekin Espainiako presidenteorde izandakoa eta egun Foro Asturias alderdiko presidenteorde denak "errespetua" adierazi nahi izan dio Arzalluzi. "Harreman pertsonal ona" izan zutela azaldu du. Cascos Iñaki Anasagasti EAJko senatari eta diputatu ohiarekin batera iritsi da beilatokira.

Hileta elizkizuna bihar izango da, 19:00etan, Azkoitiko Andre Mariaren Zeruratzea parrokian.

EAJk ere omenaldia egingo dio, bihar, Sabin Etxean. Alderdiaren Aberri Batzarrak ezohiko bilera egingo du, Napar Buru Batzarrak Espainiako hauteskundeetan koalizioa osatzeko egin duen proposamena bozkatzeko. Bilera berean omenduko dute Arzalluz.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.