Ezker abertzalearen alderdi berria. Erregistroa Barne Ministerioan

Alderdia erregistratuta, Espainiako Gobernuaren txanda dela dio Sortuk

Sortu alderdiko sustatzaileek estatutuak aurkeztu dituzte Barne Ministerioan; Maider Etxebarria da idazkari nagusiaAlderdien Legea betetzen dutela uste dute, eta ziur daude legezko alderdia izango direla

Oihana Elduaien Uranga.
Madril
2011ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Sortu alderdiko sustatzaileekegin beharrekoa egin dutelakoan daude. Alderdien Legeak eskatzen duena betez estatutuak osatu dituzte, eta estatutu horiek Espainiako Gobernuaren Barne Ministerioan erregistratu dituzte. «Orain Espainiako Gobernuaren txanda da», esan du Iñaki Zabaletak, sustatzaileen izenean. Seguru daude Alderdien Legea bete dutela, eta ez dute dudarik alderdi berria legezko izango dela. Horregatik, «justiziaren interesen alde aritzeko» eskatu diote Espainiako Gobernuari eta Judikaturari. «Printzipio demokratiko guztiak betetzen dituen alderdia gara, legezko izateko eskubidea dugu, eta gure ideologiarekin bat egiten duten herritarrak ordezkatzekoa».

Alderdi berriaren sustatzaileak Madrilen izan ziren atzo. Maider Etxebarria, Iñaki Zabaleta, Karmele Agirregabiria, Rakel Jausoro eta Xabier Artola ordu txikietan abiatu ziren Euskal Herritik, bi autotan, Alex Maskey Sinn Feineko kidearen laguntzarekin. Madrilen Bill Bowring Demokraziaren eta Giza Eskubideen aldeko Europako Abokatuen elkarteko presidentearekin batu ziren, eta guztiak batera 11:20 aldera sartu ziren Barne Ministerioko egoitzara. Sortu alderdi berriaren estatutuak erregistratu zituzten, Maider Etxebarria idazkari nagusi izendatuta, eta horren ostean, prentsaurrekoa eman zuten Madrilen bertan, Unescoren lagunen aretoan.

Bezperan Bilbon azaldutakoa berretsi zuten funtsean, «Madrilgo hiribilduan, estatuaren hiriburuan». Sortu Euskal Herriko abagune politiko berrian «euskal gizartearen bake eta konponbide demokratikorako itxaropenari erantzuteko» eratu dela azaldu dute; estatutuak «zehaztasun osoz legezkoak» direla; alderdia ez dela inoren eta ezeren segida; legez kanpo utzitako antolakuntza ereduekin inolako zerikusirik ez duela, ez duela kanpoko inork gidatzen; bide baketsu eta demokratikoen alde egiten duela; eta indarkeria mota guztiak gaitzesten dituela, «ETArena barne».

Aretoa goraino betetako kazetari saldoaren aurrean berretsi zuten, herritarren eskubide eta askatasunen kontrako edozein jarreren aurka daudela. «Gainerako eragile politiko, sozial eta sindikalekin elkarlanean aritu nahi dugu Euskal Herrian edozein indarkeriaren behin betirako amaierara bidean, eta zehazki ETArenean. Indarkeria ororen ondorioak gainditu nahi ditugu; bakearen alde, aterabide demokratikoen alde, eta euskal gizartearen adiskidetzearen alde».

Zabaletaren arabera, «sendoak» dira printzipio horiek, eta haiek bete eta mantenduko diren bermatzaileak, sustatzaileak ez ezik, alderdiaren estrukturak ere izango dira. «Gure estatutuak argiak izateaz gain, bermatzaileak ere badira». Alderdiaren barne arautegiak printzipio horiei eusteko prestatuta daudela azpimarratu zuen, estatutuetan «gardentasun osoz» jasota geratu den gisan. Sortuko kide direnentzat eta izango direnentzat printzipio horiek «saihestezinak» direla ohartarazi zuen.

Proiektu politiko guztiak posible diren agertokia lortzea dute xede, euskal gizartearen nahiek beren garapenerako bide instituzionalak izan ditzaten. Sorturen proiektu politikoa zein den ere argitu zuten. Alderdi independentista da, eta «bide politiko eta demokratiko hutsetatik» Europako Batasunaren barnean euskal estatua sortzea du helburu. Euskara eta euskal kulturarekin konpromisoa duen alderdia da, «herri euskaldun baten alde lan egingo duena, baina kultura anitzeko herritar eleanitzekin osatuko dena». Ideologia sozialista dute, aldaketa politiko-ekonomiko «erreala» eragin nahi dute, neoliberalismotik urrun, aberastasunaren banaketa justuarekin. Demokrazia parte-hartzailean sinesten dute, emakumeen eta gizonezkoen berdintasun erreala izango den estatua nahi dute sortu, non gazteriak ahots eta espazio propioa izango duen.

Gaineratu duenez, subiranotasuna eta independentismoa gizartearen erdigunean kokatzeko aliantza politikoak eta sozialak izango dituzte tresna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.