Alderdiek eskuin muturrari so ekin diote europarlamenturako bozen kanpainari

EAJk eta EH Bilduk Euskal Herriaren nazio izaera defendatu nahi dute Europan. PSOEk eta PPk elkarri begira hasi dute hauteskundeetarako bidea.

Iosu Alberdi.
2024ko maiatzaren 24a
05:00
Entzun

Euskal Herri osoko herritarrak daude botoa ematera deituak ekainaren 9an. Europako Parlamentuetarako hauteskundeak dira Ipar eta Hego Euskal Herrian batera egiten diren bakarrak, bateko eta besteko herritarrek hauteslekuetan zerrenda berberak izango ez dituzten arren. Mugaren bi aldeetan kezka bera agerikoa da: eskuin muturraren gorakada, eta horrek Europako Batasunaren etorkizunean izan dezakeen eragina. Horrez gain, baina, euskal instituzioek batasunean izan beharreko lekua ere hizpide izan dute alderdi abertzaleek Hegoaldeko kanpaina hasieran.

EAJk Hondarribian (Gipuzkoa) egin zuen, Bidasotik gertu. Izan ere, jeltzaleak mugaren bi aldeetan aurkeztu dute hautagaitza: «Gure aberria Iparralde eta Hegoalde dira». Hegoaldean, CEUS Europa Solidarioago baten Aldeko Koalizioaren barruan egingo dute, Geroa Sozialberdeekin, Atarrabia Taldearekin, Kanariar Koalizioarekin eta El Pi-Balear Uharteen Aldeko Proposamena alderdiarekin batera; eta Iparraldean, Ekologia Positiboa eta Lurraldeak koalizioan, zenbait alderdi ekologistarekin. Halere, Oihane Agirregoitia jeltzale eta CEUSen zerrendaburua da europarlamentuan eserleku bat eskuratzeko aukera izan dezakeen bakarra, zundaketen arabera.

Hain zuzen, Agirregoitiak bozen garrantzia nabarmendu zuen. Argudiatu zuen «muturreko populismoak» goranzko joeran diren garaiotan, EAJk «proposamen erreal eta zehatzak» aurkezten dituela. Haren esanetan, «euskal lobby-a» izan nahi dute EBn, eta batasunaren «gizarte eredua» defendatu, «Txinako eta AEBetako ereduen aurrean». Horrek, era berean, «herrien Europa» indartzea eskatzen duela zehaztu zuen. Herrien defentsa horri helduta, Ekologia Positiboa eta Lurraldeak  koalizioko zerrendakide Jean Telletxeak adierazi zuen xedea dela mugak gainditzea: «Bozka dezagun mugarik gabeko Euskadi honen alde». Izan ere, haren esanetan, EBren identitatearen ezaugarrietako bat da «lurraldeen, kulturen eta hizkuntzen dibertsitatea».

Horiek hala, Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakari Iñigo Urkulluk azaldu zuen «garapenaren, elkartasunaren, herrien Europa» defendatzen duela EAJk. Hala, EBn hartzen diren erabakietan «Euskadiren ahotsa» islatu nahi dutela zehaztu zuen: «Euskadi defendatzeko eta Euskaditik Europa gehiagorako ekarpenak egiteko». Haren esanetan, «Euskadiren herri erronkek dimentsio europarra» baitute.

Ezker subiranistak, berriz, Bilbon eta Iruñean ekin zion bi asteko ibilbideari, Hego Euskal Herrian lehen indarra izateko erronkarekin. Bizkaiko hiriburuan, Arnaldo Otegi koalizioko koordinatzaile nagusiak koalizioaren «konpromiso eta bokazio nazionala» nabarmendu zituen: «Hauteskunde hauek aukera bat dira Euskal Herriak bere nazio ahotsa altxatzeko Europan». EH Bilduko kide eta Orain Errepublikak koalizioko zerrendakide Pernando Barrenak, berriz, Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea defendatu eta eskuin muturraren gorakadari erantzun beharra uztartu zituen: «Herrien Europa defendatzen dugu, eta Europa aske bat defendatzen dugu, erreakzionariorik eta joera inboluzionistarik gabe». Hala, Barrenak azaldu zuen Euskal Herriak «bere etorkizunaren alde» egin duen borroka «faxismoaren, inposizioen eta herrien eta pertsonen askatasunak mugatzen dituztenen aurkakoa» izan dela beti.

Iruñean, berriz, Bakartxo Ruiz koaliziokideak parte hartzean jarri zuen begirada. «Jakin badakigu: jendartearen zati batek oso urrunekotzat dituen hauteskundeak dira», adierazi zuen, baina gehitu, «arriskuz beteriko testuinguruan», beharrezkoa dela erabakiguneetan egotea «ezkerretik eta subiranismotik» bestelako politikak sustatzeko: «Gure ahotsa ozen entzutea, beti egin dugun moduan, injustizien kontra eta herritarron eta estaturik gabeko nazioen autodeterminazio eskubideen alde».

Izatez, EH Bildu ERCrekin, BNGrekin eta Ara Mesekin batera aurkeztuko da bozetara, eta inkesten arabera, Barrenak —zerrendako bigarrena da— aukera asko ditu europarlamentura itzultzeko; Orain Errepublikak koalizioari hiru eserleku ematen dizkiote zundaketa gehienek. Aukerarik ez du izango, baina, EH Baik. Izan ere, koalizio hark erabaki zuen bozetara ez aurkeztea, Ipar Euskal Herriak Frantziako Estatu osoa hartzen duen barruti batean duen eragin arrunt ttipia» eta beste nazio batzuetako alderdiekin koalizio bat osatzeko ezintasuna argudiatuta. Halere, koalizio hartako Oier Imaz EH Bilduren zerrendan da, nahiz eta aukerarik ez duen eserleku bat eskuratzeko.

«PPren bazkideak»

Hegoaldean, gainerako alderdiek ere Bilbo izan zuten atzo geraleku. Han egin zituzten eguneko ekitaldiak PSE-EEk, PPk eta Sumarrek ere. Sozialisten kasuan, PSE-EEk eta PSNk ezarritako bi alderdikide daude Europako Parlamenturako eserleku bat eskuratzeko moduan: Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde ohia (PSE-EE) PSOEren zerrendako hamargarrena da —ziurra du eserlekua—, eta PSNko Elena Sancho hemeretzigarrena —inkesta batzuetan barruan da—.

Hala, Mendiak atzo indar berezia egin zuen eskuin muturrari aurre egiteko betebeharrean, eta hura zuzenean lotu zuen Alderdi Popularrarekin: «PPren bazkideek motozerra dute eskuan, murrizketa zorrotzei txalo egiten diete, ezberdinari eta gutxien duenari mespretxu». Horren aurrean, argudiatu du bozak une egokia direla «Pedro Sanchez presidenteak babestutako espainiar eredua» azaltzeko, eta ez «subiranotasunez» eztabaidatzeko. Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak, berriz, adierazi zuen «Europa berde, sozial, abegikorra» dagoela jokoan, eta hori «Euskadiren proiektua» ere badela.

PPren kasuan, berriz, Javier Zarzalejos eta Antonio Lopez-Isturiz europarlamentariak eta Carlos Iturgaiz EAEko PPko presidente ohia ageri dira zerrendan —seigarrena, hamazazpigarrena eta 24.a, hurrenez hurren—, eta denek dituzte eserleku bat eskuratzeko aukerak, Iturgaizek erraza izango ez duen arren. Halere, Iturgaiz bera izan da EAEko PPren lehen kanpaina ekitaldiko protagonista. PSOEk haien aurka egin badu, Iturgaizek Sanchezen gobernua jarri du jomugan, esanez haren erroz EBn «ahulagoa» dela Espainiako Estatua. Afera horretan, «konplizetzat» jo zituen EAJ eta EH Bildu ere.

Aukerarik gabe

Gainerako alderdien kasuan, ez da eserleku bat eskuratzeko postuetan den euskal herritarrik. Besteak beste, Sumarreko zerrendako hemeretzigarrena da Carlos Guzman, eta 35.a da Andeka Larrea. Azken horren hitzetan, «balio aurrerakoiak» daude jokoan, eta garrantzitsua da euskal herritarrek «Europa defendatzea» eta «arrazakeriari eta xenofobiari aurre egiteko» botoa ematea. 

Gainerakoan, Hegoaldean ondorengo zerrendak dira euskal herritarrak dituzte beste batzuk: JxCren zerrendako bosgarrena Gorka Knorr europarlamentari ohia, Voxeko hamargarrena Amaia Martinez Eusko Legebiltzarreko parlamentaria eta Izquierda Española alderdiko hamalaugarrena Gorka Maneiro legebiltzarkide izana. 

Ipar Euskal Herrian, berriz, ez da euskal herritarrik europarlamentuan eserleku bat eskuratzeko moduan. Badira, baina, alderdi ugariren zerrendetan. Besteak beste, Europa Ekologia-Berdeak zerrendan dira Jeremy Savatier (34.a) eta Justine Jadot (59.a), ETÉ koalizioan Laurence Hardouin (20.a), Renaissance koalizioan Claire Scotcher (57.a) eta PS – Place Publique zerrendan Colette Capdevielle (74.a). Haiek astelehenean ekingo diote kanpainari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.