Alderdiek hitzartutakoa kontsultara zuzenean joango dela dio Ibarretxek

EAEko lehendakariak uda ostean ezarri du alderdien arteko elkarrizketa mahaia eratzeko tenorea, eta adierazi duenez, bertan lortutako akordioaren oinarri nagusiak erabakitzeko eskubidea izan behar du

edurne begiristain
2006ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
«Euskal gizarteak ez du aldez aurretik Madrilen garbitutako zerbaiten gainean erabakirik hartuko». ETAren su-etenaren ostean Euskal Herrian zabaldutako aro berriaz irmo mintzatu zen atzo Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. Bere esanetan, Euskal Herriko etorkizuna ez da Madrilen erabakiko, Euskal Herrian baizik, euskal alderdiei dagokielako, eta ez beste inori, normalizazio politikoaren inguruko akordioa erdiestea. «Irtenbiderako gunea Euskal Herrian dago, eta euskal gizarteak du protagonismoa».

Euskal Herrian irekitako garai berria ahotan izan zuen atzo goizean Ibarretxek, komunikabideetako ordezkariekin izandako hartu-eman luzean. Egoera politikoa aztertzeko PP ez gainerako alderdiekin izandako bileren balorazioa egin zuen, lehenik. «Denok bat gatoz bake prozesua itzulezina egiteko eta etorkizunari begira gatazka politikoa gainditzeko aukera itzela dugula aurrean». ETAren su-etenarekin, gainera, denek «irabazten» dutela ziurtzat dute alderdi guztiek, haren esanetan.

Su-etenak sortutako egoeraren hausnarketatik haratago jo, eta hemendik aurrera eman beharreko pausoez hitz egiteko ere baliatu zuen lehendakariak atzoko agerraldi publikoa. Behin ETAk iragarritako su-etena benetakoa dela egiaztatuta, jarraitu beharreko errepide mapazein izan behar den jakinarazi zuen.Azaldu zuenez, alderdiekin elkarrizketa txanda amaituta, hemendik aurrera ere haiekin biltzen jarraituko du. Batzar «diskretuak» izango dira, baina ez ezkutukoak. Bilera horiek alderdiek eratuko duten «mahai, foro edota dena delakoaren» inguruko metodologia prestatzeko balioko dute, Ibarretxeren esanetan. Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak Espainiako Kongresuari ETArekin negoziatzeko baimena eskatu eta gero ezarri du lehendakariak egutegiaren hasiera. Hala, uda igaro ostean hasiko da «egiaztatze demokratikoaren garaia», hots, alderdien arteko elkarrizketa mahaia eratzeko tenorea.Mahai horretan lortu beharreko akordioak oinarri nagusi bat izan behar du, lehendakariaren hitzetan: nola gauzatzen den Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea. Izan ere, normalizazio politikoaren gakoa erabakitzeko eskubidea dela azpimarratu zuen Ibarretxek, hori, oraindik, «konpontzeke dagoen arazoa delako». Behin alderdiek akordioa lortuta, euskal gizarteari hitza emango litzaiokeela azaldu zuen, zuzenean galdetuko litzaiokeela herri-galdeketa «demokratikoaren» bidez. Mahai horretan erdiesten diren akordio politikoen gaineko herri galdeketa legealdi honen barruan egitea nahiko luke lehendakariak. Hala ere, epeak baino garrantzi handiagoa du, bere irudiko, gizarteari helaraztea «oraingoan, bai, oraingoan etorkizuna erabakitzeko ordua» heldu dela.Galdeketa egin ostean soilik gehituko da akordio hori araudi juridikora. Izan ere, Ibarretxek argi eta garbi utzi nahi izan zuen alderdien mahaian hitzartzen dena ez dela esparru juridiko politiko berri bat izango. «Ez da arazo juridikoa, izaera politikoa duen arazoa baizik», azaldu zuen. «Euskal alderdiek erabakitakoak zein izaera juridiko izango duen gerora itundu beharko da», argitu zuen.

Akordio «zabalak» etabetorik gabekoak

Gainera, alderdiek lortutako akordioak «zabalak» behar dutela eta mahaian inork ezingo duela «betorik» ezarri azpimarratu zuen. Halaber, mahaian alderdi guztiek egon behar dutela argi utzi zuen. PPri dagokionez, mahai horretan parte hartzea nahiko lukeela, baina alderdi hori gabe ere mahaia martxan jar daitekeela esan zuen. «PP beharrezkoa da, baina ez ezinbestekoa».

Prozesuan berak izango duen egitekoa zein den ere zehaztu zuen Ibarretxek: alderdi guztiekin elkarlanean arituko da elkarrizketa sustatzeko. «Nire egitekoa izango da alderdien arteko elkarrizketa gunea elikatzea, foro horrek bermeak izan ditzan». Izan ere, bere aburuz, «arduragabekeria» litzateke elkarrizketa foroa martxan jartzea beharrezko bermerik gabe. Hortik aurrera alderdien esku legoke erabakitzea zein izango den lehendakariak bake prozesuan bete beharko duen rola, azaldu zuenez.Bestalde, Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak su-etenaren gainean duen informazioa ez duela publiko egingo ohartarazi zuen. Hala ere, ETAren su-etenak «itzulezina eta unibertsala» behar duela izan berretsi zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.