Daniel Innerarity. Filosofoa

«Alderdiek hobeto neurtu behar dituzte herritarren kezkak»

Kezkatuta dago Innerarity «politika berria» deiturikoarekin. Berria lasterrago «iraungitzen» dela dio, baina zaharrak aldaketa sakona behar duela: «Epika gutxiago behar da, eta akordio gehiago».

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Donostia
2015eko azaroaren 11
00:00
Entzun
La política en tiempos de indignación (Politika haserrearen garaian) du izenburu Daniel Innerarityren (Bilbo, 1959) azken lanak. 50 urte bete berri dituen Eragin kultur elkarteak gonbidatuta aurkeztu zuen liburua atzo arratsaldean, Donostiako Koldo Mitxelenan. Aurretik mintzatu zen BERRIArekin. Abenduan, bigarrenez aurkeztuko da Geroa Bairekin hauteskundeetara.

Asko hitz egiten da haserreak politikari egin dion ekarpenari buruz. Baina politika ez da, berez, desilusioa eragiten duen jardun bat?

Bai, eta hori gertatzen da muga asko dituelako; bereziki, beste batzuekin lehian edota elkarlanean egin behar delako, eta, hortaz, inork ez duelako lortzen nahi duen guztia. Gakoa litzateke ulertzea akordioak eraldatzaileagoak direla desadostasunak baino.

Politika berria deituriko horrek zenbat du ikuskizunetik?

Egia da herritarren politikarekiko interesa handitu egin dela, mobilizazioak ugaritu egin direla. Baina asko kezkatzen nau barrenak huste horrek emaitza errealik ez ekartzeak. Gerta daiteke, olatu honen guztiaren ostean, kultura politikoa nahiko genukeen baino gutxiago aldatzea.

Euskal politikan ere gertatzen ari da Espainian gertatzen ari den fenomeno hori?

Europa osoan gertatzen ari da hori. Dena den, Euskal Herriko alderdi abertzaleak eta Espainiakoak ez dira hain ezberdinak. Hemengoen artean ere nabari daiteke eredu zaharren higadura eta fenomeno berrien agertzea.

Esan izan da Euskal Herrian beste modu batera egiten eta bizi dela politika: komunitateak pisu handia duela, sutsuagoa dela. Hori ere aldatzen ari al da?

Neurri batean, bai, eta krisi ekonomikoaren aurretik ere nabari zen hori. Nazio afera epika gutxiagorekin planteatzen ari da. Baina ez intentsitate txikiagoarekin bizi delako, baizik eta ikasi delako akordio zabalen bidez ez bada ez dela ezer lortuko, ez dela autogobernua garatuko.

Salatu izan da zure planteamenduen atzean desideologizaziorako jarrera bat dagoela.

Ez da zuzena. Nik ez dut esaten alderik ez dagoenik ideologien artean edo gatazkak urtu egin direnik. Gertatzen dena da jada ez daudela gatazka bakarra edo bi, asko daudela. Alderdiek asmatu behar dute gizartean dauden interes eta gatazkak ondo interpretatzen eta hobeto neurtzen zein intentsitaterekin bizi dituzten horiek. Ez badute hori egiten, ez dute asmatuko herritarrak mobilizatzen eta ordezkatzen.

Eta abertzaletasunean hori gertatzen ari al da? Lo geratzeko arriskuan al dago?

Nazio afera hain gogor ez planteatzeak ez du esan nahi abertzaletasuna lo dagoenik. Metodo kontu bat dago atzean. Espainiako kultura politikoak arreta jartzen die oihu eta suteei. Zarata asko egiten ez baduzu, ez zaituzte entzuten. Joko horretan aritu da urte luzez abertzaletasuna, hainbat arrazoirengatik. Kultura politiko hori aldatu beharko litzateke.

Eta ari al da inor horretan?

Nik uste dut Urkulluren gobernua saiatzen ari dela hortik aldentzen. Ari dela integrazio eta akordioen bidez kultura politiko berri hori garatzen. Metodologia hori askoz ere eraginkorragoa iruditzen zait indarrak batzea eta konfrontazioa bilatzea baino.

Esaten da Kataluniako abertzaleek aurrea hartu dutela.

Nire ustez, ez. Kataluniako abertzaletasuna, aurkakoa irudi arren, hamar urte atzetik dabil. Hemen saiatu eta porrot egin zuen bidea ari dira egiten han.

Baina akordioaren bideak porrot egin zuelako hautatu dute bide hori. Konfrontazioaren aldekoa ez bazara, zein aukera geratzen da?

Kataluniako kasua politikaren porrota izan da. Asko kezkatzen nau gatazka konpontzeko batzuek eta besteek erakutsi duten gaitasunik ezak. Hala ere, uste dut eragile guztiak akordioen bidera itzuliko direla konturatzen direnean aldebakartasuna baino eraginkorragoa dela bide hori.

Ezinezkoa dirudi gaur egun.

Bai, eta egoera blokeatuta egongo da Espainiako hauteskundeak pasatu arte. Horrek nekea ekarriko du mundu subiranistan, eta beste aldeak ere behartuta ikusiko du bere burua mugitzera. Europak, berriz, ez du ezer egingo. Nahasketa horretatik irten daiteke akordio negoziatu baten aldeko gehiengo zabal bat.

Zeintzuk izan behar lukete akordio horren oinarriak?

Gaur egun, ez dago besterik: autodeterminazio erreferendum bat. Hori gabe, ez da egongo konponbiderik.

Identitatearekin loturiko osagaien eta proiektu sozioekonomikoaren artean abertzaletasunak duen dialektikan, zein litzateke neurri egokia, zure ustez?

Lehen aipatu dudan gatazken pluralizazioarekin lotu beharko genuke afera hau. Abertzaletasunak hazi egin nahi badu, identitatearekin loturiko gaiez haratago beste gauza batzuk ere interesatzen zaizkien herritarrak erakarri behar ditu; hori egin duenean, ikusi da babes handiagoa izan duela, ireki dela ezberdinen arteko akordioetara, eta garatu ahal izan dela autogobernua. Kasu horretan, identitatearekin loturiko elementuak ere indartuta ateratzen dira, ez direlako konfrontaziorako tresna.

Zure hitzak erabiliz, Nafarroan ez al dago «gehiegizko ilusioa» gobernu berriarekin?

Baliteke, bai. Eta ez da erraza izango hori kudeatzea, gobernua babesten duen gehiengoa oso justua delako eta indar horiek askotarikoak direlako. Sor daitezkeen desilusioak ondo kudeatzen jakin beharko du gobernuak. Hori ere bada politika.

Foru hauteskundeetan bezala, Geroa Bairen zerrendetan aurkeztuko zara Espainiako Kongresura. Zergatik eman duzu politika publikorako jauzia?

Sinesten dudan proiektu bati nire babesa eman nahi diodalako. Aitortu behar dut, gainera, euskal abertzaletasunean topatu dudala maila intelektual handiagoko jendea: Monreal, Gimeno, Salaburu, Etxenike, De la Hucha, Mikelarena, Majuelo... Nabarrismoa, berriz, baserritarkerian murgilduz joan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.