Alderdien barau eguna, kartzela politika alda dadin eskatzeko

Urratsak egiteko eskatu diete Espainiako eta Frantziako gobernuei, eta urtarrilaren 7ko manifestaziora joateko herritarreiDiputazioan eta hainbat udaletan ere baraua eta beste ekintza batzuk egin dituzte

Ibaetan baraualdian sartu aurretik elkarretaratzea egin zuten hainbat politikarik atzo. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
Donostia
2011ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Alderdi politikoek ere hartu dute parte. Euskal presoen eskubideen alde 24 orduko baraualdia egin dute ezker abertzaleko, Aralarreko, EAko eta Alternatibako hainbat ordezkarik Ibaetan, Egin Dezagun Bidea mugimenduak antolatutako txandakako gose greban. Zakuak eta esterilak soinean zituztela joan ziren atzo, besteak beste, ezker abertzaleko Rufi Etxeberria eta Txelui Moreno, Aralarreko Rebeka Ubera eta Amaiurreko senatari eta EAko kide Alberto Unamunzaga. Gipuzkoako Diputazioak ere bat egin du ekimenarekin, eta Ibaetan izan da Larraitz Ugarte bozeramailea.

Atzo eguerdian hasi zuten baraua, elkarretaratze batekin, eta gaur 12:00etan amaituko dute.Aurretik talde feministek egin dute beren ekarpena, eta ondoren, gizarte eragileek hartuko diete lekukoa.

Indarrean dagoen espetxe politika bertan behera lagatzeko eskatu zieten Espainiako eta Frantziako gobernuei Ugartek, Morenok eta Unamunzagak, hirurek egin baitzituzten adierazpenak pankartaren atzetik. Espetxe politika «krudela eta gizagabea» dela salatu zuen Morenok, eta presoen zein haien senitartekoen kontra aplikatzen diren «salbuespen neurriak» indargabetzeko eskatu zuen. Haren ustez, hori da, besteak beste, gobernuek Euskal Herrian ireki den prozesuari egin behar lioketen ekarpena. «Bakera bideko prozesua eta normalizaziorakoa ezin da hanka bakarrean oinarritu», esan zuen Morenok. Hiru hankatan oinarritu behar dela argitu zuen: euskal gizartean, nazioarteko komunitatean eta Espainiako eta Frantziako estatuetan. Azken hanka horrek oraindik prozesuan ez duela parte hartu gogorarazi zuen, eta gaineratu hori «laster» gertatzea espero duela.

Aieteko Adierazpenaren ondoren, eta ETAk armak uztea erabaki ostean, «garai itxaropentsua» dela azpimarratu zuen Ugartek, eta, horregatik, urratsa egitera deitu zituen Espainiako eta Frantziako gobernuak. «Urgentziaz» eman beharreko pauso horietako bat presoen eskubideak errespetatzea dela ohartarazi zuen. Euskal gizartea hori eskatzen ari dela nabarmendu zuen, eta urtarrilaren 7an Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzera deitu zuen.

Unamunzagaren irudiko, espetxe politika aldatzea «giza eskubideak inongo aldetatik urratuko ez diren behin betiko bake jokaleku baterako» urratsa litzateke. Bide horretan parte hartzeko eskatu zien, gainera, herritarrei.

Ibaetan izan diren politikariak ez dira aldarrikapenarekin bat egin duten bakarrak. Gipuzkoako Diputazioan, esate baterako, jan gabe pasatu zuten eguna, nahiz eta lanean aritu ziren. Bilduko hainbat zinegotzik ere baraua egin dute, esate baterako, Villabonan, Zaldibian, Oñatin, Pasaian, Zarautzen, Ondarroan, Gernikan, Lekeition eta Altsasun. Herri gehienetan egin ziren ekintzak atzo, baraua ez bazen ere, elkarretaratzeak egin zituzten toki askotan.

Hainbat arlotako eragileak ari dira parte hartzen Egin Dezagun Bidea mugimenduak antolatutako txandakako baraualdian. Sindikatuek hasi zuten, eta gazte mugimenduak hartu zuen txanda gero; ondoren ikasle eta irakasleak. Haien ostean, talde feministak; atzo, alderi politikoak; eta gaur, gizarte eragileak. Bihar amaituko dute, 12:30ean, Bulebarrean elkarretaratzea eginda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.