Alderdien leloak, abstenituta

2008ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Jose Luis Rodriguez Zapateroren aurpegia ageri da orriaren ezker aldean. Irribarretsu dago, PSOEren logoa eta leloa alboan dituela: Botatu zure indar guztiekin. «Hauteskundeetako iragarkia», jartzen du irudiaren azpian. Sakatu eta hasi da off-eko ahotsa: «Aurrera egiteko ordua da. Independentziarako garaiak dira. Euskal Herriaren ordua da». Atzean Benito Lertxundiren musika entzuten da: Azken arnasa eman nahi nuke itsasoari begira abestiaren doinu lasai eta goxoa. Eta jarraian off-eko beste ahots bat: «Horregatik, dei berezia egiten diegu abertzale eta aurrerakoi guztiei abstentzioaren aldeko hautua egiteko».

Hasierako irudiak eta hitzak aldatzen hasi dira berehala. Zapateroren aurpegi irribarretsuak pantailan jarraitzen du, baina leloa luzatu egin da: Bota zure indar guztiekin salbuespen estatua zakarrontzira. Eta PSOEren logoa zakarrontzian ageri da.

Mariano Raxoi agertu da hurrrena. Alai dago, PPren leloari so: Buruarekin eta bihotzarekin. Gustura jarraitzen du Raxoik, baina orain Buruarekin eta bihotzarekin faxista eta torturatzailea bilakatu da hasierako leloa, eta PSOEren logoa bezalaxe PPrena ere zakarrontzira joan da.

IUren txanda dator jarraian. Gaspar Llamazares agertu da. Llamazares ezkerragoa da IUren hasierako lelorik ez da ageri; hura eraldatuta baizik: Llamazares besteen berdina da.

Euskal alderdien txanda da jarraian. EAJ eta Iñigo Urkullu datoz lehenik. Jeltzaleen leloa agertu da hasteko: Euskadin bizi naiz ni. Zu, non bizi zara? Eta leloari erantzuna, ondoren: Kartzelan, zure kulpaz. EAJren atzetik gainontzekoak datoz. Nafarroa Bairi Mugi dezagun, mugi gaitezen leloaren atzean, Abstentziora jarri diote; EAren Herriaren ahotsa, Herriaren lotsa bilakatu da; eta Aralarren hasierako Ezkerra berri ezker aberri, orain Ezkerra berri zuri esker aberririk ezda. Amaitzeko, irtenbidea dator: Euskal Herriak independentzia. Abstentzioa.

Hauteskundeetarako iragarkia ez da hasieran zirudiena. Espainiako Kongresu eta Senaturako hautagai diren alderdiak ageri dira. Baina haien aurkako eta abstentzioaren aldeko deia egiten da. Ezker abertzaleak martxoaren 9ko hauteskundeei begira sortu duen abstentzioa.com webgunean dago jarrita. Ez da telebistan agertuko iragarkia, baina euskaldun askoren posta elektronikora iritsiko da, akaso.





Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.