Alderdikeriak alboratu eta indarrak batzeko unea dela esan diote EAJri

Ezker abertzaleak salatu egin du EAJk elkartzeko eskaintzari emandako erantzuna, eta EAJk ekimena kritikatu du

Erredakzioa
Bilbo
2011ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Ezker abertzalearen ustez, «interes alderdikoi eta elektoralistengatik» egin dio uko EAJk azaroaren 20ko hauteskundeetara elkarrekin aurkezteko ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak egindako proposamenari. Ezker abertzalearen esanetan, horrela soilik uler daiteke proposatutako aliantzaren inguruan EAJk azaldu duen «jarrera itxi eta erasokorra». Baina egungo egoera politikoak «demokrazia, onarpena eta eskubideak exijitzeko ahotsak eta borondateak batzea eskatzen du», haren iritziz.

Ezker abertzalearen hitzetan, Espainiako Estatua ez da gai Euskal Herriko aldarrikapen ekonomiko, sozial eta nazionalei «gako demokratikoetan inolako alternatibarik eskaintzeko». Horregatik uste du «premiazkoa» dela «burujabetza politiko eta ekonomiko osoko euskal esparru bat eraikitzeko indarrak metatzea». Gainera, Euskal Herrian horretarako baldintza politiko, sozial eta ekonomiko nahikoak» badaudela sinetsita dago. Horren alde egiteko eskatu du, beraz. «Demokraziara eramango gaituen egiazko trantsizio baten beharra du Euskal Herriak».

«Une historiko batean» gaudela uste du ezker abertzaleak, eta «Espainian indarrean den eredu politiko, ekonomiko eta sozialaren aldean» badela euskal nazio bat «bere etorkizunaren jabe izan nahi duena, bake egoera bat eskatzen duena, bere onarpena eta aterabide demokratikoak eskatzen dituena eta Europaren barruan nortasun instituzional propioa izan nahi duena; Europan estatu bat izan nahi duena herritarrek demokratikoki hala erabakitzen badute».

Horren guztiaren alde egiteko deia egin du ezker abertzaleak, eta, horretarako, batu beharra aldarrikatu du: «Gure nazio eskubideen defentsak Madrilera herri gisa joatea eta jardutea exijitzen du, ez bakoitza bere aldetik», argudiatu du. «Euskal Herriko gehienen aldarrikapen zilegizkoei eta demokratikoei Espainiako Estatuak ematen dien ezezko iraunkorrari ezin zaio aldebakarreko planteamendu alderdikoiekin erantzun».

Ezker abertzalea, EA eta Alternatiba azaroko bozei begira hartarako bildu izanaren «balio handiaz» ohartarazi du. UPN eta PP horretaz jabetu direla azaldu du, eta horregatik egin dutela Madrilera elkarrekin joateko akordioa.

Proiektu gabezia ezkutatzeko

Ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak EAJri berekin batzeko egindako gonbitari oso bestelako arrazoia ikusi dio Andoni Ortuzar EAJren BBBko presidenteak: «Dituen gabeziak eta proiektu falta ezkutatu nahi ditu». Beraz, EAJ hauteskundeetara bere aldetik joango dela errepikatu du. «Herritarrek erabaki dezatela zer egin».

EAJk «Euskadiren interesak Madrilen defendatzen» 30 urte daramala esan, eta elkarlanean aritzeko gonbita irrigarria egin zaiola adierazi du: «Barregarria da Madril orain aurkitu dutenek guri esatea Madrilera elkarrekin joan behar dugula Euskadiren interesen alde egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.