Etxegarateko gainean ez duela kamioientzako bidesaririk jarriko zehaztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Ez duela hori bere asmoa, nahiz eta egunkari batzuetan informazio hori atera den. Kazetariei «zirku mediatiko» bat sortzea egotzi die Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaleak. Etxegaraten kamioientzako bidesari bat jartzearekin «oso kritiko» izan dela Bildu, eta jarrera berean jarraitzen duela zehaztu du Ugartek, ez duela asmorik bidesari hori jartzeko.
Bidesariak, ordea, jartzeko asmoa badu diputazioak. Gipuzkoako Batzar Nagusiek lantalde bat osatu berri dute, eta hartan ari dira aztertzen errepideen egoera, eta errepideen erabileragatik ezarri beharreko zergak eta bidesariak. Itziar Miner Ogasun zuzendariak lantalde horretan azaldu zuen diputazioak baduela N-1 errepidean bidesariak jartzeko asmoa. Ez zuen zehaztu, ordea, non jarriko liratekeen, eta nori kobratu beharko litzaizkiekeen. Andoainen bidesari bat jarriko litzatekeelako zurrumurrua sortu izana ere kritikatu du Ugartek: «Ez dakit nondik atera den kontu hori». Komunikabideei «espekulatzen» aritzea egotzi die, «beti aurretik» joan nahi izateagatik.
Alderdi politikoen artean adostasun «nahiko zabala» dago errepideen egoerari buruzko azterketan, Ugartek adierazi duenez. Baina oraindik ez dute ezer zehaztu. «Aukera guztiak irekita daude», Ugarteren hitzetan. «Helburua da errepideen erabileragatik gipuzkoarrek ordaintzen dutena orekatzea». Kanpoko gidarientzat, berriz, garestiago izan behar luke Gipuzkoako errepideak erabiltzea, Ugarteren esanetan. Bergaratik Donostiara doan gidari batek bidesaritan, hilean, 120 euro ordaintzea, eta Donostiatik Tolosara doan beste batek ezer ez ordaintzea ez da zentzuzkoa, Ugartek nabarmendu duenez. Autopista gehien erabiltzen dutenek deskontu handiagoak izango dituztela ere aurreratu du.
Uda honetarako proposamena zehazturik edukiko dutela, eta 2013rako eredu berria martxan egongo dela iragarri du foru bozeramaileak.
Aldundiak esan du ez duela nahi kamioientzako bidesaririk Etxegaraten
Proposamena udarako zehaztuko dela iragarri du Larraitz Ugartek, eta «espekulatzea» egotzi die komunikabideei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu