Gipuzkoako Foru Aldundiak iragan asteburuko euriteek eragindako kalteak zenbatekoak diren jakiten duenean aztertuko ditu eman beharreko laguntzak, Foru Administrazioko diputatu Garbiñe Errekondok jakinarazi duenez. Halaber, «lehenbailehen» laguntzak emateko eskatu die Errekondok Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari, kaltetuen egoera hobetze aldera.
Errekondok eta Gipuzkoako Foru Aldundiko eledun Larraitz Ugartek prentsaurrekoa eman zuten atzo. Errekondok ezagutarazi zuenez, bilera egingo dute gaur Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Aldundiak eta herrialde horretako udalek. Bertan, uholdeek eragindako kalteak zenbatu, eta eman beharreko diru laguntzen zenbatekoa zehaztuko dute. Horrez gain, PSE-EEk eta EAJk aldundiaren esku hartzeari eginiko kritikak «iraingarriak» direla esan du Ugartek, eta erantsi du aldundia euritearen «lehenengo unetik» aritu dela lanean.
Uholdeen kalteak arintzeko eman ohi diren laguntzez gain, «beharrezkoa balitz» Eusko Jaurlaritzak laguntza gehiago ematea aztertuko duela adierazi du Herrizaingo sailburu Rodolfo Aresek, eta haren aurka egin du EAJk, beharrezkoa zenean alerta gorria ez eman izana egotzita. EAk, berriz, berehalako neurriak eskatu dizkio Jaurlaritzari. Bestalde, kalteak neurtu ondoren laguntzen kopurua ebatziko duela esan du Nafarroako Gobernuak.
Larrialdi Legea aldatuko dute
Larrialdiak Kudeatzeko Legea aldatzeko lege proiektua onartu du Eusko Jaurlaritzak. Aldaketa horrekin, hondamendiei aurre egiteko unitate bat sortuko dute. Erreformak «garrantzi handiko edukiak» jasotzen dituela azaldu du Eusko Jaurlaritzak. Exekutiboaren arabera, larrialdi kasuetan herritarren eskubide eta betebeharrak arautuko ditu legeak, eta hondamendiak saihesteko tresnak indartuko ditu. 1996an egin zuten orain aldatu duten legea, eta orduan «arau aitzindaria» izan bazen ere, hainbat arlotan «eguneratu» beharra zuela aitortu du Jaurlaritzak.
Neguko Mugikortasun Plana aurkeztu du Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendari Amparo Lopez Antelok. 1.000 metrotik behera elurra egiten duen bakoitzean jarriko dute martxan plana, eta elurra kentzeko 155 makina izango dituzte erabiltzeko prest; iaz baino hamabost gehiago.
Aldundiak kalteak zenbatekoak diren jakindakoan ebatziko ditu laguntzak
Gipuzkoako udalak, aldundia eta Eusko Jaurlaritza batzartuko dira gaur, kalteak eta laguntzak neurtzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu