Euskara. Murrizketen ondorioak

Alerta gorria euskalgintzan

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren arabera, azken murrizketek agerian utzi dute euskalgintza ez dela sektore estrategiko bat erakunde publikoentzat. Euskalgintzaren ekarpena aldarrikatu du Kontseiluak.

BERRIA.
ainara arratibel gascon
Donostia
2012ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Euskalgintzak behar dituenak ez dira laguntzak, baizik eta inbertsioak».Paul Bilbaoren hitzak dira, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusiarenak. Erakundeek egin dituzten murrizketek egoera«makur eta zailean» utzi dute euskalgintza. Azken asteetan hainbat adibide izan dira: Euskal Udako Unibertsitatea (UEU) laguntzarik gabe geratzea, Esan Erran irratiaren itxiera, hainbat hedabidek laguntza kanpainak hasi behar izatea… «Aski da» esateko unea dela esan du Bilbaok, eta lobby moduan funtzionatzekoa. «Benetako hizkuntza politika eraginkor bat egiteko eskatu behar diegu erakundeei, eta sektore gisa dugun garrantzi ekonomiko eta sozialaren araberako aitortza bat eskatu behar dugu».

Bilbaok salatu du Kontseiluari zaila egiten zaiola erakunde publikoen aurrekontuen balorazio zehatz bat egitea. «Dirua askotariko sailetatik bideratzen denez, ezin dugu jakin zenbat diru ematen zaion euskalgintzari. Baina ez da guk eskatzen duguna betetzen: aurrekontuen %2 euskarara eta euskararen normalizaziora bideratzea».

Datuei erreparatuz, bereziki da larria egoera Nafarroan. Euskarazko hedabideak diru laguntzarik gabe utzi ditu Nafarroako Gobernuak, eta euskalduntze-alfabetatzeko diru laguntzak %29 gutxitu ditu: 394.000 eurotik 280.000 eurora, hain zuzen. Euskararen aldeko kanpainetarako dirua, berriz, 70.000 eurotik 55.000 eurora gutxitu dute. Dena den, hori bezain larria iruditzen zaio Bilbaori, euskararako dauden baliabide «apurrez» Euskarabideak egiten duen kudeaketa «txarra». «Lau eurotik hiru erakundearen barne funtzionamenduan gastatzen dituzte. Euro bakarra da hizkuntz normalizaziorako. Euskararen Legearen bidez aplikatzen ari diren hizkuntz politika glotozida gehitu behar zaio horri. Hizkuntzaren normalizaziorako lan guztia euskalgintzaren bizkar geratzen da, beraz».

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak hiru milioi eta erdi euro gutxiago inbertitu ditu hizkuntza politikan. Ia arlo guztietan izan dira jaitsierak. Kontseiluari bi iruditu zaizkio bereziki esanguratsuak: hedabideetakoa eta euskalduntze- alfabetatzekoa. Hedabideetako laguntzetan%11ko murrizketa izan da. Euskarazko hedabideen kontsumoa sustatzeko 90.000 euroko diru partida ere desagertu egin da. Euskalduntze-alfabetatzean, berriz, kendu egin dute beken diru saila. Partida 1.500.000 eurokoa zen. «Bereziki da larria murrizketa hori, euskarak hiztun berriak behar baititu, eta horretan euskaltegien sektorea estrategikoa da. Gaur egungo moduko krisi garai batean euskaltegiek beteta egon beharko lukete. Baina erakundeetatik justu kontrakoa bultzatzen ari dira. Salatzekoa da euskara ikasteagatik ordaindu behar izatea. Norbaitek imajinatuko al luke Parisen frantsesa ikasteagatik ordaindu behar izatea, edo Madrilen gaztelania ikasteagatik?».

Iparraldean, egoera ekonomikoa zaila izateaz gain, legea aurka dago. «Dena da borondate kontua. Lege aldetik babes falta handia da, eta horrek eragina du gizarteak hizkuntzaren inguruan duen pertzepzioan».

Beraz, egoera «kezkagarria eta larria» da. «Normalizaziorako bi gauza behar dira nagusiki: dirua eta arauak. Dirua murrizten ari dira, eta arauak ez dira garatzen. Azken horretarako ez da dirurik behar. Erakundeen aldetik, ordea, ez da borondaterik ikusten. Jaurlaritzakkontsumitzaileen hizkuntz eskubideak arautzeko dekretuarekin egin duena ikustea besterik ez dago». Hala, erakundeek normalizazioa eta euskararen erabilera arau bidez sustatuko balute euskalgintzaren egoera nabarmen hobetuko litzatekeela iritzi dio Bilbaok. «Herritar guztiak elebidunak izatea bultzatuko balute, adibidez, euskarazko hedabideek irakurle potentzial gehiago izango lituzkete». Beste adibide bat administrazioaren eta lan munduaren euskalduntzea aipatuta jarri du. «Hizkuntz eskariak gutxitu egin dituzte, eta, beraz, ez enpresek eta ezta erakundeek ere ez dituzte inbertsio handiak egin behar euskalduntzen. Egoera hori ikusita, motibaziotik arautzera pasatzeko unea iritsi dela uste dugu».

Sektorearen garrantzia

Euskalgintzak ekonomikoki duen garrantzia aldarrikatu du,Bilbaok. «Milaka lanpostu daude euskalgintzan, eta barne produktu gordinari egiten diogun ekarpena handia da. Ehundura ekonomiko bat osatzen dugu. Ezin gaituzte bazterrean utzi».

Azken urteetan erakundeetatik euskalgintzara bideratutakoa «diru apurrak» izan dira, Bilbaoren ustez. «Egin dugun ekarpena kontuan hartuta, desoreka ikaragarria izan da. Inbertitu dutena, gainera, gaizki egin dute».

Erakundeek gaztelanian edo frantsesean inbertitzen dutenagatik ere kezka azaldu du. «Noizbait galdetu beharko zaie horren inguruan, eta azterketa bat egin». Hedabideetako publizitatearekin gertatzen dena jarri du horren adibide modura. «Gaztelaniako komunikabideetan publizitatea jartzen gastatzen dutena nabarmen gehiago da. Hori bidegabea da, bi hizkuntzek trataera bera izan beharko bailukete».

Euskararen normalizazioan inbertsioak egitea «bizikidetzan eta herri eraikuntzan» inbertitzea dela gogorarazi du Bilbaok. Hala, «ardurak eta erantzukizunak» eskatzekoordua dela esan du. «Erakundeak gure hizkuntzaren normalizazioa hipotekatzen ari dira, aitzakia merkeak erabilita. Normalizazioan atzerapausoak ematekoarriskua dago. Beraz, planto egiteko unea da. Indarrak batu, eta presio politikoa, soziala eta ekonomikoa egin behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.