DENBORALEA

Alerta horian egongo da euskal kostaldea, bihar eguerdira arte

Zarauzko malekoia eta Bermeoko dikearen beste zati bat apurtu dute olatuek, eta kalte ugari eragin dituzte Lapurdiko kostaldean. Gainera, Andosillan eta Iruñean alerta egoeran daude, Ega eta Arga ibaiek gainezka egin dezaketelakoan.

2014ko martxoaren 4a
08:03
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, alerta horian da euskal kostaldea bihar eguerdira arte. Goizeko lehen orduetan olatuek lau eta bost metro arteko altuera izan dezakete, eta eguerdirako hiru metro eta erdi ingurukoak espero dira.

Atzoko denboraleak galera ugari eragin ditu, batik bat, Zarautzen, Bermeon, Angelun eta Miarritzen. Bilboko itsasadarra, Errobi eta Urumea, besteak beste, gainezka egitear izan dira, baina ez da otsail hasieran izandako kalterik izan. 06:33an izan da itsasgora; Zarautzen, malekoia apurtu dute olatuek, eta Bermeon, dikearen beste zati bat.

Iparraldean ere izan dira kalteak. Ekaitzak eragindako galeren ondorioz, "hondamendi natural" izendapena eskatuko du Angeluko Herriko Etxeak. Besteak beste, joan den ekainean estreinatu zuten oinezkoen ibilbideko hogei metro inguru ezin erabili gelditu dira.

Miarritzek ere Angeluren bide bera hartu dezake, aurreko ekaizak baino ondorio larriagoak jasan baititu; herriko kasinoak, bereziki. Bi berina hautsi eta ehun bat metro koadro harrapatu ditu itsasoak. Baionan, kale ugaritara sartu da ura, eta Angelun, ekainean inauguratutako kostaldeko pasealekuan kalteak eragin dituzte olatuek.

Alarma gorritik laranjera

Alarma gorria gaur goizeko bederatzietara arte egon da indarrean, 9-10 metroko altuerako olatuak izan baitira. Ondoren, 21:00etara arte, laranjara jaitsi dute alerta egoera, eta espero da tarte horretan olatuak 6-7 metrokoak izatea.

Barnealdean, berriz, abisu horia eman du Euskalmetek haizeagatik eta elurragatik. Eguerdira arte izango da abisua elurteen kasuan, eta 800-900 metro inguruan izango da elur maila. Zaparrada txiki-ertainak botako ditu, sarriago eta ugariago goizaldean eta kantauri isurialdean. Goizaldean trumoi-ekaitzak izateko eta txingorra egiteko probabilitatea handia da, bereziki kantauri isurialdean.

Ega eta Arga, alertan

Hazita doaz Ega eta Arga ibaiak, eta gainezka egiteko arriskua dago. Alertan dira Andosillan Ega dela-eta, eta alerta aurreko egoera ezarri dute Iruñean Argaren ur emariagatik.

Nafarroako Gobernuaren arabera, 2,51 metroko altuera hartu du Egak Andosillan 10:07an. Murrietan, berriz, hiru metrora heldu da.

Araban, berriz, hainbat errepide moztu dituzte, Zadorra ibaiak gainezka egin ondoren. Gasteizko Udaltzaingoak Ihurrerako bidea moztu du, eta suhiltzaileak Zadorra ibaiaren ur emaria kontrolatzen ari dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.