Alexander Ugalde: "Iragana, oraina eta geroa lotu ditu Chavezek"

Venezuelako egoeraren berri duten eragileen iritziak bildu ditu BERRIA.INFOk. Chavezek Hego Amerikaren integrazioari eginiko ekarpena eta sozialismo bolivartarraren sendotasuna nabarmendu dute. Elkarretaratzera deitu dute gaur Bilbon, 19:00etan, Arriaga antzokiaren aurrean.

jon olano
2013ko martxoaren 6a
08:44
Entzun

Alexander Ugalde (EHUko irakaslea)

Euskal Herriko Unibertsitateko Nazioarteko Harremanetako irakasleak bi alor nabarmendu ditu Hugo Chavez Venezuelako presidente zenaren jardun politikoaz. Batetik, iragana, oraina eta etorkizuna lotu dituela argudiatu du Ugaldek: "Iragana, Latinoamerikako erresistentzia indigenak borroka independentista, nezkarien borroka eta esklabutzaren aurkakoaren aztarnak berreskuratu dituelako".

Iragan hori orainaldiarekin lotu du Chavezek, Ugalderen esanetan: "Bere politikaren gakoa izan da herrialdea kualitatiboki eraldatzea, neurri ekonomiko eta politikoen bidez". Ugalderen ustez, "akats eta kontraesan" batzuk egin zituen Chavezek, baina gaineratu du oro har balorazioa "positiboa" dela, "batez ere ikuspuntu sozialetik". Etorkizunera begira, berriz, Ugaldek nabarmendu du estrategia bat martxan dagoela: "Proiektu sozialista bat dago eraikitzen, eta bidea markatuta dago".

Bestalde, azpimarratu du "berezko" kanpo politika bat egitea lortu zuela Chavezek, "autonomoa, Venezuela mapetan egotea ahalbidetu duena". Latinoamerikaren integrazioan Chavez zenak eginiko urratsak garrantzitsutzat jo ditu, eta hari esker Unasur Hego Amerikako Nazioen Batasuna eta ALBA Amerikako Herrialdeen Aliantza Bolivartarra "proiektu izatetik errealitate izatera" igaro direla azaldu du.

Fakun Aznarez (Askapena)

Chavezek Latinoamerikan suposatu duen "inflexio puntua" nabarmendu du Askapena elkarteko kide Fakun Aznarezek. Haren esanetan, gaur egungo errealitatea erabat ezberdina da duela hogei urtekoarekin alderatuz gero. Kuba babestuz eta beste erakunde batzuk sortuz, Chavezek eta Bolivarianismoak bide bat zabaldu zutela uste du: "Integrazio panorama erabat garrantzitsua da Latinoamerikan egun zer gertatzen den ulertzeko".

Aznarezen iritziz, bere bigarren independentzia lortzeko bidean jarri du Venezuela. Dioenez, inportantea da orain ikustea beste herrialdeen kanpo politika zein norabidetan jartzen den, baina azpimarratu du Chavezen "erreferentzialtasuna" galduta ere "iraultza egiteko beharra" badagoela.

Gontzal Martinez de la Hidalga (Komite Internazionalistak)

Espero zuen arren, "minez" hartu du Gontzal Martinez de la Hidalgak Hugo Chavezen heriotzaren berria: "Galera handia da ezkerrean borrokatzen ari garenontzat". Haren ustez, historiako pertsonaia "erraldoia" da Chavez, baina nabarmendu du Venezuelako mugimendu politikoa jende askok eraikia dela eta Chavez hilda ere haren ekarpen politikoek iraungo dutela.

Proiektu "erraldoia" sortu dute Venezuelan, Martinez de la Hidalgaren esanetan. Uste du "psikologikoki gogorra" dela proiektu horren burua hiltzea, baina gaineratu du egitura "oso finkoak" dituela proiektu horrek. Halaber, azaldu du Latinoamerikan hegemonia aldatu egin dela, eta uste du Venezuelan geratzen ari denak eragin handia izan dezakeela kontinenteko gainontzeko herrialdeetan.

Gonzalo Fernandez Ortiz de Zarate (Hegoa Institutuko zuzendaria)

Latinoamerikako integrazio prozesuari eta herrialdeen "emanzipazioari" Chavezek emandako "bultzada" nabarmendu du Gonzalo Martinez Ortiz de Zaratek Venezuelako presidente zenak utzitako uztaz. Haren ustez, hainbat herrialdek abiatutako bide politikoak Venezuelako esperientzian du jatorria eta, beraz, garrantzitsutzat jo du Chavezik gabeko Venezuelan zer gertatuko den.

"Ziurgabetasun" epe bat zabaltzen da orain, Martinezen arabera: "Sortu diren egituren bultzatze lanean Venezuelak indarra galduko balu, beste herrialde batzuetako prozesuek izan dezaketen ahalmena mugatu egingo litzateke". Areago, uste du oraindik Latinoamerikako integrazio prozesuan parte hartzeko zalantzak dituzten herrialdeek zailtasun gehiago izango lituzkete pauso hori emateko. Hortaz, Venezuela "gakoa" dela azaldu du.

Beste erreakzio batzuk

Iñaki Anasagasti (EAJko senataria): ”Soilik desio dut gertaerak joan behar duten bidetik joatea Caprilesek eskatu duen moduan, eta deitu beharreko bozetan MUDen hautagaiak irabaztea. Gaur, Chavezekiko errespetua, doluminak familiari, Gobernuari eta boto-emaileei.

Urriko hauteskundeetan Caprilesen alde bozkatu nuen, Bilboko kontsulatuan. Chavezek ez zigun utzi ’behatzaile gonbidatu’ gisara joaten. Euzkadin Caprilesek irabazi zuen, ez Ezker Abertzalearen hautagaiak, zeinek %5 txiki bat lortu zuen. Euskal hedabideek hartu dezatela emaitza hori aintzat, eta ez daitezela etorri euskal herritarren chavismoaz hizketan”.

Alternatiba: "Asko sentitzen dugu Hugo Chavezen heriotza, herrien eta jazarritako pertsonen eskubideen defentsan borrokalari nekaezina. Hamalau urtean Venezuelako Errepublika Bolivartarraren Gobernuan eginiko lana aitortzekoa da".

Sortu: "Hugo Chavez, Venezuelako lehendakariaren heriotzaren aurrean, Sortuk bere doluminik sentikorrenak adierazi nahi dizkio bere familiari, indar bolivartarrei, eta Venezuelako gobernu eta herri osoari. Hugo Chavezen heriotzarekin buruzagi aparta joan zaigu, Latinoamerikaren batasuna eta XXI. mendeko sozialismoaren aldeko borrokalari nekaezina".

Twitterren elkartasun mezu bat ere idatzi du Sortuk.

Aralar: "Chavez funtsezko figura izan da Hego Ameriketako politikaren eta soziologiaren berdintasunersko ematen ari diren urratsetan. Pertsona oso garrantzitsua izan da Venezuelako herriarentzat ezkerreko baliorik oinarrizkoenak indarrean jarriz, herritarren oinarrizko eskubideak bermatzen eta berdintasunean sakontzen jakin duelako".

ELA: "ELAk bere egiten ditu iraultza bolivartarraren baloreak, eta balore horien lorpenetan Chavezek egindako lana aitortzen du. Venezuelako herritarrek Chavezek defendatu zituen bake eta justizia sozialaz gozatzen jarraitzeko aukera izan dezatela desio du  ELAk".

LAB: "Chavez joan da, baina bere ekarpen politiko eta sozialek sektore sozial kaltetuenen alde iraungo dute, Latinoamerika justuago baterako aldaketa politiko eta sozialak iraungo duen bezala".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.