udalen osaketa

Alkate izendatu berrien lehen orduak kargua hartu ostean

Asironek Ongizate eta Berdintasun sailak bisitatu zituen. Gasteizen, udal gobernua osatuta, Maroto ez zen izan bozeramaileen batzordeko bileran.

Joseba Asiron gaur goizean, Iruñeko Alde Zaharreko bi bizilagunen agurra jasotzen. JESUS DIGES, EFE
jon ordonez garmendia
2015eko ekainaren 15a
07:51
Entzun

Atzo izan zuen Joseba Asironek lehen ekitaldi ofiziala. Iruñeko alkateak Ongizate eta Berdintasun sailak bisitatu zituen udaletxean. Azaldu zuenez, pobrezia, etxebizitza eta enplegua lehentasun bat izango dira agintaldi honetan, "egoera larria delako", eta bisitarekin hala adierazi zuen: "Honek izan behar zuen lehen bisita, ezinbestean". Harekin izan zen Patri Perales, sail horretako zinegotzia, eta Maider Beloki, Hezkuntza, Kultura, Parte hartze, Gazteria eta Kirol zinegotzia.

Asironek azaldu zuenez, gogotsu ekin dio agintaldiari, ilusioz. Larunbatean jendetza bildu zen Iruñeko udaletxe plazan alkate berriari harrera egiteko, eta esan zuen lanerako gogoz dela. Datozen egunetan udaleko sail guztiak bisitatuko ditu Asironek, langileak ezagutzeko eta ezagut dezaten: "Esango diegu elkarrekin egin behar dugula lan. Talde lana da hau".

Iruñeko udalbatza gaur bilduko da lehen aldiz udala osatu ostean.

Gorka Urtaran Gasteizko alkatea Araba Euskaraz-en izan zen. Atzo, berriz, udal gobernua osatu zuten Gasteizko Udalean, bozeramaileen batzordeko lehen bileraren ostean. Bozeramaileen batzordean dago Javier Maroto, baina ez zen joan bilerara, eta Leticia Comeronek ordezkatu zuen. Larunbatean kargua EH Bilduren, Hemen Gaude eta Irabaziren botoekin hartu ostean, PSEri gobernuan sartzea eskatu dio Urtaranek. Sozialistek zuri bozkatu zuten Gasteizen, ordu batzuk lehenago Andoainen EAJko zinegotzi batek bere abstentzioarekin Maider Lainezen kargu hartzea oztopatu ostean; horri esker, EH Bilduko Ana Karrerek hartu zuen Andoaingo alkatetza. Juan Kalparsoro fiskal nagusiak larunbateko bozketa ikertuko duela iragarri du orain.

Bilbo eta Donostiako alkate izendatu berriek ere atzo parte hartu zuten ekitaldi banatan. Juan Maria Aburto Bilboren sorreraren 715. urteurrenaren harira Diego Lopez de Harori egin zioten lore eskaintzan izan zen. Gaur izango du urteurrena Bizkaiko hiriburuak. Eneko Goia Donostiako alkatea, berriz, medikuen kongresu batean izan zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.