Alliot Marie galdekatzeko eskatu dio Anza kolektiboak Frantziako Justiziari

Anza desagertu zenetik bi urte pasatu dira, baina egia ez da argitu, eta prokuradorea ez da bildu familiarekin

Anza kolektiboak elkarretaratzera deitu du apirilaren 29rako, Baionako auzitegiaren aitzinean, Justiziari egia osoa egitea eskatzeko. GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Baiona
2011ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Michele Alliot Marie Frantziako Barne ministroa zen Jon Anza desagertu zen egunean, eta Justizia ministroa hilotz agertu zelarik. Horren harira, Anzaren desagertzea eta heriotza argitzeko funtsezko pertsona dela azpimarratu, eta hura galdekatzeko eskatu dio Askatasunak Frantziako Justiziari. Egia osoa argitu dadila eskatzeko, apirilaren 29an elkarretaratzea eginen dute Baionako auzitegiaren aitzinean, arratsaldeko seietan.

Jon Anzak Okzitaniarako trena hartu zuen 2009ko apirilaren 18an, baina ez zen heldu ETAko militante batzuekin zuen hitzordura. Familiak Anza desagertu zela salatu zuen maiatzaren 15ean. ETAko militante zela jakinarazi zuen erakunde armatuak maiatzaren 20an, eta Poliziak bahitu, torturatu eta hil zuela gaineratu. Egun berean, Anne Kayanakis Baionako prokuradoreak inkesta bat ezarri zuen abian Anzaren desagertzea argitzeko. 2010eko martxoaren 11n jaso zuen familiak Poliziaren deia, Anzarena zatekeen gorpu bat Tolosako Purpan gorputegian zegoela. «Non da Jon?» galderak erantzuna ukan zuen, baina ez haren desagertzea eta heriotza argi zezakeen erantzunik.

Anzaapirilaren 30ean atzeman zuten, Tolosako ibilbide jendetsu batean, eta erietxera eraman zuten. Erietxeko zuzendaritzak osasun egoera txarrean zegoen ezezagun bat zuela jakinarazi zien Poliziari eta Tolosako prokuradoreari. Aldean zeramatzan Baiona-Tolosa tren txartelak eta buruan egindako ebakuntzaren orbaina agerian ukan arren, ez zuten argitu nor zen.

2009ko maiatzaren 4an, Anzaren pasaportea galdutako objektuen bulegoan utzi zuen norbaitek. Ez da argitu nork utzi zuen, ez noiz eta nola atzeman zuen haren pasaportea. Maiatzaren 7an Anzaren osasunak txarrera egin zuen, eta erietxeko arduradunak berriz ere harremanetan sartu ziren Poliziarekin eta prokuradorearekin. Maiatzaren 11n zendu zen Anza. Sendagile batek bete zuen agiria, eta, geroan ikerketak egiteko asmoz, gorputegian atxikitzea agindu zuen. Alta, gorpuari ez zioten autopsiarik egin; Purpaneko gorputegian atxiki zuten, lau graduko tenperaturan. Hamar hilabete geroago, gorpua hondatuta zegoen. Familiak ez zuen ikusi.

Bere garaian egin ez zioten autopsia hamar hilabete geroago egitea agindu zuen Kayanakisek. Familiak eta Askatasunak azaldu zuten haren gorpuan zerbait bilatu behar balitz denbora hori iraganik ezinezkoa zela.

«Anzaren gorpua agertu da, baina ez dute azaldu non egon zen apirilaren 18tik 30era; inkestak ez du argitu bahitu ote zuten, torturatu ote zuten; ez du argitu zerk eragin zuen heriotza», azaldu du Anais Funosak Askatasunako bozeramaileak, sostengu kolektiboaren izenean. Gaineratu du Kayanakisek Anzaren gorpua erraz atzeman zezakeela, borondatea ukanez gero. Ordea, hamar hilabeteko inkestan, ez zuen begiratu Tolosako erietxean.

Anza afera estatu afera dela salatu zuen Gabi Mouesca kolektiboko partaideak. «Alliot Marie andereak erantzukizun zuzena dauka, eta, haren jokabidea argitzeko, Justiziak galdeketa egin behar dio». Mouescak nabarmendu du askatasun osoz jarduteko baimena eman ziola Espainiako Guardia Zibilari.

Elkarretaratzea auzitegian

Anzari zer egin zioten argitzea eskatzeko, elkarretaratzea eginen dute apirilaren 29an Baionakoauzitegiaren aitzinean, arratsaldeko seietan. Anza kasuak eragin dituen galdera guztiak erantzun gabe daude bi urte geroago, eta sostengu taldeko partaideek erran dute ez dutela amore emanen egia osoa argitu artean.

Justiziaren partetik abegirik ez dutela ukan jakinarazi du Maritxu Paulus Basurkok, Anza familiaren abokatuak. Izan ere, Tolosako prokuradoreak inkestaren ardura hartu zuen, baina geroztik ez du onartu Anzaren familiarekin biltzea. Inkesta zabalik dago, eta egia osoa bilatuko duela berretsi du familiaren abokatuak. Aldiz, inkestak irauten duen bitartean, abokatuek ezin dute horko elementurik aipatu. Familiaren galderek oraindik erantzunik ez dutela lortu azpimarratu du. Anza kolektiboaren iritziz, gero eta argiago dago poliziek bahitu eta torturatu zutela Anza, eta heriotza eragin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.