Michelle Alliot-Marie Frantziako Kanpo Arazoetarako ministroak uko egin dio kargua uzteari. Frantziako ezkerreko alderdiek gero eta ozenago eskatzen dute haren dimisioa. Tunisian matxinada hasi zelarik, Alliot-Marie han zegoen oporretan. Gainera, laguntza behar bazuen Frantziak matxinada menean hartzeko laguntza emanen ziola jakinarazi zion Zinedine el Abidine ben Ali presidente ohiari —dagoeneko ez dago karguan—. Aldarri demokratikoa itotzeko diktadore bati laguntza ematea leporatu dio ezkerrak Alliot-Marieri, dimititzeko eskatuz.
Ondoren jakin zen Alliot-Marie eta senarra oporretan egon zirela han, matxinada gertatzen ari zelarik. Haien opor gunera heldu ahal izateko, Aziz Miled izeneko lagun aberats batek hegazkin pribatua utzi ziela azaldu zuen gerora Alliot-Mariek. Lehen unean kargutik kendutako diktadorearen familiaren lagun mina izatea leporatu zioten Miledi. Alliot-Mariek gezurtatu zuen informazio hori, azalduz diktadurak berak ondasun anitz kendu ziola Miled-en familiari.
Bizi pribatua
Tunisiako diktadoreari abegi egitea edo haren eskaintzaz baliatzea leporatu ziotenei erantzunez, «denbora librean» nahi zuena egiten zuela erran zuen AlliotMariek. Oporretan zegoelarik ministroa ez zela erran zuen. Frantziako ministro bat egunean 24 oren eta urtean 365 egun ministroa dela gogorarazi dio Marc Ayrault PSko diputatu taldeko presidenteak. Hastapeneko hitz okerrak zuzendu beharrean zegoela adierazi du Alliot-Mariek azkenik, kargua hartzen denetik uzten den uneraino ministroa dela gogoratuz. Azpimarratu du etorkizunean ez duela inoren hegazkin pribaturik baliatuko.
Gero eta bakarrago dago AlliotMarie Frantziako Gobernuaren barnean. Tunisiako Gobernu ohiaren alde egindako adierazpenak sostenga ezinak dira diktadura boteretik kendu ondoren, eta errandakoak gainditzeko lana Alliot-Marieren esku gelditu da.
Alliot-Mariek ez du kargua utziko presioak jasan arren
Tunisiako matxinadak Alliot-Marie Tunisian oporretan zegoela hartu zuen han, lagun aberats baten gomita profitatuz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu