Alokairuko etxeak %5,9 garestitu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Jaurlaritzak ondutako alokairu merkatuaren estatistikaren arabera, 788 eurokoa da hileko batez besteko prezioa. Gipuzkoan garestitu da gehien alokairua: hilean 817 euro balio du alokairuko etxe batek, aurreko urtean baino %6,6 gehiago.

Bilboko higiezinen agentzia bat, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Bilboko higiezinen agentzia bat, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko apirilaren 24a
11:10
Entzun

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen osteko batuketak eginda, EAJk eta PSE-EEk borondatea azaldu dute aurreko legealdian Eusko Jaurlaritzan izan duten koalizio gobernua berriz osatzeko, eta etxebizitza politikaren nondik norakoei buruz eztabaidatu beharko dute derrigor. Bi arrazoirengatik. Baga: herritarren kezka iturri nagusietako bat delako, hainbat inkestaren arabera. Biga: eztabaida iturri izan delako haien artean aurreko legealdian. Espainiako Etxebizitza Legeak modua ematen du alokairuen prezioen igoera mugatzeko: legearekin bat dator PSE-EE, eta EAJ aurka dago. Dena den, bozen biharamunean Jaurlaritzak berak argitaratutako datuak argiak dira: alokairuko etxeen prezioa %5,9 handitu da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

Urtero egiten du Jaurlaritzak alokairu merkatuaren estatistika, eta iazko datuak bildu ditu asteon aurkeztutako txostenean. Fidantzak hartzen dituzte oinarri prezioak eta haien bilakaera neurtzeko. Txostenaren arabera, batez beste 44 euro gehiago balio du hilean alokairu batek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 2022an, batez besteko prezioa 744 euro zen, eta iaz, 788 euro. Nafarroako Gobernuak eta Euskal Hirigune Elkargoak oraindik ez dituzte argitaratu Euskal Herriko gainerako herrialdeetako alokairu merkatuaren iazko datuak —berrienak 2022koak dira—.

Jaurlaritzak ondutako txostenaren arabera, Gipuzkoan garestitu da gehien alokairua. Hilean 817 euro balio du alokairuko etxe batek, aurreko urtean baino %6,6 gehiago. Arabako prezioa 739,1 euro da batez beste, eta igoera %6,5ekoa izan da. Bizkaian, berriz, %5,3 hazi da alokairuen prezioa, eta 780 euro balio du hilean. Urte arteko hazkunderik handiena 20.000 eta 40.000 biztanle arteko udalerrietan gertatu da (+%7,4), baina hiriburuetan ere garestitu dira alokairuaren prezioak. Gehien, Donostian: 981,9 euro balio du alokairuko etxe batek, 2022an baino %9,3 gehiago.

Bilboko prezioa 874,5 euro da batez beste, eta 2022tik iaz arte %6,2 igo da balioa. Gasteizen gutxiago balio du etxe bat alokatzeak —hilean 775,2 euro batez beste—, baina prezioa Bizkaiko hiriburuan bezainbeste igo da: %6,2.

Genero ikuspegia

Eusko Jaurlaritzak beste txosten bat argitaratu du gaur etxebizitza eskuratzeari buruz; kasu honetan, genero ikuspegia txertatuta. Iazko datuak islatu ditu ikerketak, eta hau du ondorio adierazgarri bat: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lehenengo etxebizitza behar duten hamar emakumetik zortzik ez dute horretarako baliabide ekonomikorik. «Emakumeek alokairuko etxebizitza babestua eskatzeko joera handiagoa dute gizonek baino, eta horrek agerian uzten du emakumeen egoera ekonomiko eta soziala zaurgarriagoa dela», ondorioztatu dute Jaurlaritzako Etxebizitza Saileko ikertzaileek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.