Alokatzailea indartu eta kaleratzeak erraztuko ditu Espainiako Gobernuak

Kontsumitzaileen elkarteek eta Eusko Jaurlaritzak salatu dute maizterren eskubideak murriztuko dituztela

San Frantzisko auzoa, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Gasteiz
2012ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Hamar eguneko epean alokairua ordaintzen ez duen maizterra kaleratzeko tresna bidean dago. Espainiako Gobernuak Alokairuaren Merkatua Malgutzeko eta Sustatzeko Lege proiektua Gorteetara bidali du, bertan onartu arteko izapideak bete ditzan. Testu horretan, alokairua ordaintzen ez duten maizterrak kaleratzea errazteaz gain, botere handiagoa ematen zaio alokatzaileari. Ana Pastor Espainiako Sustapen ministroak azaldu du lege aurreproiektuaren helburua hutsik dauden etxebizitzak merkatura ateratzea dela eta, eskaintza handitu ahala, horien prezioa jaistea.

Kaleratzeak egiteko prozedurak bizkortzeko sistema da Espainiako Gobernuaren lege proiektuaren neurririk adierazgarriena. Gaur egun, kaleratzeko prozesua «mantsoa eta konplexua» dela azaldu du ministroak, baina, legea onartuz gero, hamar egunean egin ahal izango dute. Maizterrak etxean geratzeko bi aukera izango ditu: ez ordaintzearen zergatia arrazoitzea epailearen aurrean edo hamar egun horietan zor duena ordaintzea. Berme horien bidez, hutsik dauden etxebizitzen jabeak alokatzera bultzatu nahi ditu Espainiako Gobernuak, nolabait. Dena den, ez da hori lege egitasmoak jabeei ematen dien berme bakarra.

Alokairurako kontratuen epeak laburtzeko ere proposatu du Espainiako Gobernuak. Gaur egun, gutxienez bost urteko kontratua sinatu behar da, eta hiru urte luzatzeko aukera dago; lege proposamenak zehazten du hiru urteko kontratuak eta urte bateko luzapenak egin ahalko direla. Horretaz gain, alokatzaileak maizterra kaleratu ahal izango du, etxean alokatzaileak berak, lehen mailako senide batek edo bikotekide ohiak sartu nahi badu bizitzera; horretarako, bi hilabete aurretik abisua emanda nahikoa izango du. Gaur egun, hori ezin da egin, ez behintzat kontratuan aldez aurretik zehaztuta ez badago. Bestalde, maizterrek alokairu kontratua eten ahal izango dute hilabete lehenago abisatuta; gaur egun, bi hilabetekoa da epea.

Bi aldeen arteko «desoreka»

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartutako testua oinarrizko legea izango da, eta, onartzean, Hego Euskal Herrian ere izango du eragina. Jaurlaritzaren ustez, testuak maizterren eskubideak asko murrizten ditu. Proposatutako aldaketa txartzat jo du, alokatzailearen eta maizterraren arteko «desoreka» sortzen duelako.

Kontsumitzaileen elkarteak ere ez dira pozik agertu aldaketarekin. Ordaintzen ez dutenen kaleratzeak errazteko prozesua eskertu dute, baina alokairurako kontratuen iraupena laburtzearekin eta alokatzaileari emandako eskubideekin ez dutela bat egiten azaldu dute Facua eta OCU kontsumitzaile elkarteek. Are gehiago, adierazi dute neurriek alokairuen prezioak merkatzeko ere ez dutela balioko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.