Paris ondoko Gonesse hirian egin zuten aurtengo lehen Alternatiba, joan den asteburuan. Joan den igande, berriz, Bretainiako Naoneden (Nantes) aldi izan zen.
Ziburu Zokoakoa gaur eta bihar antolatzen ari dira Hego Lapurdiko Bizi Larrun taldeak. Gaur mintzaldia dute, bihar egun nagusia hainbat animazioekin. Argitasun guziak http://alternatiba.eu/hego- lapurdi/ atarian dira.
Eta ondotik jinen dira Bordele eta Papeetekoa. 2015eko abendua artean, urtean zehar eginen dira gaineratekoak, heldu den urte hondarrean egitekoa baita Parisen COP21 izeneko klimari buruzko 21. nazioarteko goi bilera. Alternatiba Egunen antolatzaileek uste dute hasian hasi ehun Alternatiba Egunetara baino gehiagotara hel daitezkeela ondoko hilabeteetan, ikusiz zenbat sortzen diren aste batetik bestera. Helburua baita eginahala jende hurbilaraztea beste bizimolde bati begira pentsatu alternatibetara, hainbat gai jorratuz: berotegi efektuzko gasen murriztea, laborantza, garraioak, etxebizitza, ekoizpen eta kontsumo moldeak, lurralde antolaketa eta abar.
Baionan bezala Zokoan ere izanen dira herri ekoizpeneko guneak, elkarteen herrixka bakoitzak erakutsiko baitu nola ari den energiari eta klimari kasu emateko. Lau hitzaldi entzuten ahalko dira ere bi egun barne. Zokoako itsas bazter eta Untxin ibaiaren hegian gertatzekoak dira ekitaldi guziak, eta Hego Lapurdiko antolatzaileentzat munta handia duten itsasoaren kinkak, erabilpenak eta menturazko aukerak izanen dira solasgai, besteak beste.
Bihar arratsaldean, Genevieve Azam ATTAC elkarteko bozeremalearekin batean lekuko bi lagun mintzatuko dira itsasoaren egoeraz. Mikel Epaltza arrantzaleen omoniera eta Anne-Marie Vergez arrantzalea. Badu bulta bat klima aldaketaren herexak ikusten dituztela itsas uretan. «Azken hamarkadetan», dio Nikolas Goñi Bizi Larrun antolatzaile taldekoak, «arrantzale eta itsas urpekariek ikusi dute ekosistema aldatzen, espezie batzuk desagertzen edo urritzen, eta espezie berri tropikalak agertzen». Hau, beraz, klimaren berotzearen erakusle gisa agertzen da. Beste arrangura iturri bat ere dira aroaren aldaketak eta partikularki, joan den neguan ikusi den gisan, itsas bazterraren itxuraldatzaile gertatu diren ekaitz bortitzak. «Klimatologoek diote gaur egun ezohizkoak diren ekaitz horiek etorkizunean ohizkoak izaten ahalko direla», azpimarratu du Goñik.
Tokian toki, bat bederak bere egun guzitako bizian egin dezakeen gauza xume bat ere oroitarazi nahi dute antolatzaileek ateleriei esker. Itsasoan bildu arrainarekin, konparazione, bihar eguerdiko atelerian, hemen berean molde jasangarrian arrantzatu arraina eros daitekeela erakutsiko da. Horretarako, tokiko arrain moten berri emanen da, baina ere nola kozina daitezkeen. «Konkretuki hemengo arrain oso merkea aipatuko da, jendeak gutiegi ezagutzen duena eta haragiaren partez jan daitekeena maizago», esplikatu du Goñik. Halako arrainei lehentasuna emateak, merke izateaz gain, klimarentzat ere baluke eragin, haren ustez: «Hemen berean arrantzatua baita; hobe da hori Hego Afrikatik hegazkinez etorrarazi legatza baino».
Erregai alternatiboak
Arrantzan beti, bi itsasturiek esplikatuko dute ere nola zenbait urte hauetan ekilore olioa ezartzen duten erregai gisa bere ontzietan; Senpereko laborari pare bat lagun, olio hori lekuan berean ekoitzia delarik.
Itsasoak ekartzen dituen menturen artean, bada haren indarraren baliatzea energia iturri bezala. Paueko unibertsitateko ikerlari talde batek, Ziburuko itsas parte batean, uhainen indarraz elektrika sortzeko gaitasunaz egin azterketa baten berri emanen du.
Beste hitzaldi eta elkarrizketa gairik izanen da bihar. Garraioa aztertuko dute goizarekin, klima eta justizia soziala gogoan izanez. Hego Lapurdiko hiriguneari dagokionez, «aterabide faltsuak eta egokiak» zein izan daitezkeen aztertuko dute. Tokian toki, hiri batek zer politika ereman lezakeen jorratuko dute arratsalde hastapenean. «Hiriko laborantza, tokiko elikadura», alde batetik, eta hirigintza bestalde, «hiri dentsifikazioa, laborantza lurra, etxebizitza partekatua » eta gisako aipagaiak barnatuz.
Alternatiba egunerat jinen denak, bestalde, joste atelerietan parte hartzen ahalko du, baina ere xaboi edo kartoizko altzari egiten ikasteko atelerietan.