Ezustekorik ez. Aralarreko eta Alternatibako militanteek baiezkoa eman diete bi alderdi horien zuzendaritzei, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan ezker abertzalearekin eta EArekin batera koalizioan aurkezteko—itxura guztien arabera, udazkenean egingo dira—. Hain justu, gaur emango dute koalizioaren izenaren eta markaren berri.
Donostian egin zuen Batzar Orokorra Aralarrek, atzo, eta aho batez onartu zuten ezkerreko alderdi subiranisten koalizioan parte hartzea. Batzarrean Patxi Zabaletak esan zuen «erantzukizunez» ari direla jokatzen, «Aralarren jatorrizko helburua betetzeko ezker abertzale zibil eta zabala eraikitzeko prozesuan». Ezker abertzale zabal eta zibil berri horretan Aralarrekekarpen garrantzitsua egin dezakeela uste du Zabaletak, alde ideologikotik, egiturari begiratuta eta antolaketari dagokionez.
Alternatibako militanteek ere aho batez onartu zuten Legebiltzarreko bozetara koalizioan aurkeztea, Gasteizen egindako batzarrean. «Gure herriak behar duen subjektu ezkertiar eraginkorra indartzeko tresnarik egokiena dela uste dugu», adierazi zuen alderdiak, komunikabideetara igorritako oharrean. Oskar Matute bozeramailearen iritzian, Euskal Herrian ezkerrak duen indarra erakusteko aukera dute. Jakinarazi zuen koalizioan egoera «gogor» honetan erreminta baliagarria izateko programa lantzen ari direla hautagaiak baino gehiago. Aurrena ideiak behar direla uste du, eta, gero, «denon artean eraikitako ideien defendatzaile egokienak topatzea».
Gaur egungo Jaurlaritza «inolako ideiarik gabe» dago, Alternatibaren ustez. Horregatik, inoiz baino beharrezkoago jo dute «antolatzea, koordinatzea eta borrokatzea mendekotasun forma guztien aurka eta fronte guztietan». Izan ere, uste dute ezkerreko indarrek batuta ez daukatela «oztopo gaindiezinik».
Gaur aurkeztuko duten koalizioa «garai historikoan» sortu dela ere nabarmendu du Alternatibak, eta hori «herri honetako ezkerrak abiatu duen aldebakarreko bideagatik» dela azpimarratu du, «gobernuen geldotasunaren eta eskubide ukapenen gainetik».
Arternatibak ez dauka dudarik, «Euskal Herriko gizon-emakumeek PPk, PSE-EEk eta EAJk ordezkatzen duten diskurtso bakarra baino askoz gehiago merezi dute». Finantza botereen mesedetan aritzea aurpegiratu diete alderdi horiei. «Krisi anitzi» aurre egiteko unea dela uste dute: «Eskubide guztiak indartzeko unea heldu da, sistema publikoa defendatzeko, instituzioak demokratizatzeko eta herritarrak erabaki guztien parte bilakatzeko».
Gaur aurkeztuko duten ezkerreko koalizio subiranistak hori guztia lortzeko lan egingo duela aurreratu dute.
Alternatibak eta Aralarrek koalizioaren alde egin dute
Gaur aurkeztuko dute ezkerreko koalizio subiranista ezker abertzaleak, Aralarrek, Alternatibak eta EAk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu