Altsasuko alkatea salatu dute, jaietako desfileagatik

Caamañok ohartarazi du ikertu egingo duela Espainiako segurtasun indarrei buruzko parodiaren bideoa

Erredakzioa
2011ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Manos Limpias eskuin muturreko sindikatuak Garazi Urrestarazu Altsasuko alkatearen aurkako salaketa jarri du Espainiako Auzitegi Nazionalean, joan den irailaren 3an herriko jaietan egin zen desfileagatik. Egun horretan, hainbat gaztek Espainiako erregea, Guardia Zibila, Espainiako Polizia, Armada eta Nafarroako Foruzaingoa nazien ikurrekin irudikatu zituzten herrian egindako desfile batean. Urrestarazuk desfile hori baimendu zuelako aurkeztu dute haren aurkako salaketa. Desfilea antolatu zuten Gazte Asanbladako kideei, berriz, Espainiako monarkia eta Espainia iraintzea leporatu diete.

Azken egunotan oihartzun handia izan du sarean eskegitadagoen antzezpenaren bideoak. Ezditugunahi erabiltzaileak jarri zuen bideoa Vimeo sare sozialean, hilaren 9an, eta harrezkero 9.400 bisita baino gehiago izan ditu. Youtuben ere eskegi dute. Bideoaren gaineko polemika handitu ahala, bisitari gehiago lortu ditu. Parodiarekin, Altsasun segurtasun indarren presentzia «gehiegizkoa» dela salatu nahi izan zuten.

Manos Limpias elkarteak ez ezik, Espainiako eta Nafarroako gobernuek eta PPk ere jomugan jarri dute Bildu koalizioa, eta gogor kritikatu dute desfilearen bideoa. Areago jo du Francisco Caamañok, Espainiako Gobernuko Justizia ministroak, Altsasuko parodia ikertuko duela ohartarazita: antzezpen horretan legea urratu dela frogatzen bada, auzitara joko dutela adierazi du. Gainera, «une oro zirikatzen» ibiltzea leporatu die Bilduko agintariei.

Nafarroako Gobernuak, berriz,iragarri du parodia horretan delituren bat egin ote den ikertzen ari dela Foruzaingoa. Halaber, bideoaren egilea nor den identifikatzen saiatuko direla jakinarazi du Nafarroako Gobernuak, ohar batean, eta bideoa Internetetik berehala kentzeko eskatuko duela.

UPNk, PSNk eta PPNk ere Altsasuko desfilea kritikatu dute, eta Bilduren aurka jo dute. UPNrentzat, onartezina da Bilduko alkateak «baliabide publikoak» erabili izana «segurtasun indarrak lotsagarri uzteko eta horiek jomugan jartzeko». «Europan dagoen faxismo bakarra ETArena» dela esan du UPNk. PPNrentzat, berriz, Bilduk «muga oro» gainditu ditu Altsasun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.