Altsasuko auzia

Altsasuko auzia Europako Parlamentura eramango du GUE/NGL taldeak

Oinarrizko eskubideei buruzko hitzaldi batean parte hartu dute auziperatuen gurasoen ordezkaritza batek, Estrasburgon (Frantzia). Prentsaurreko "jendetsua" egin dute Europako hainbat herrialdetako kazetarien aurrean.

2018ko maiatzaren 29a
07:22
Entzun

Altsasuko gazteen gurasoen ordezkaritza bat —Bel Pozueta eta Edurne Goikoetxea, besteak beste— Estrasburgora (Frantzia) joana da, Altsasuko auzian epaitzen ari diren gazteen egoera salatzeko. Auzia nazioartean ezagutzera ematea da haien asmoa.

Helburu horretarako GUE/NGL Europako Parlamentuko taldearen babesa jaso zuten atzo. Bilera egin zuten taldeko kide diren alderdietako ordezkariekin, eta auzia Europako Askatasun, Justizia eta Barne Gaietarako Batzordean aurkeztea adostu zuten, bertan eztabaidatzeko. Bilera horretan izan ziren, besteren artean, Gabi Zimmer (GUE/NGLko presidentea), Xabier Benito eta Miguel Urban (Podemos), Javier Couso (IU), Matt Carthy (Sinn Fein) eta Cornelia Ernst (Die Linke).

Gaur ere auzia ezagutzera emateko ekinaldiekin jarraitu dute Altsasu Gurasoak-eko ordezkariek. Goizean, agerraldi "jendetsua" egin dute Europako hainbat herrialdeetako kazetarien aurrean. Azken urte eta erdian auziarekin lotuta izan diren gertaera nagusienak azalzen dituen txostena banatu diete, gazteleraz eta ingelesez.

Prentsaurrekoaren ondoren, hitzaldi batean parte hartu du Edurne Goikoetxea auziperatutako gazteetako baten amak, Europako Batasunean oinarrizko eskubideak defendatzen: Espainiako kasua goiburupean. Solasaldian parte hartu dute baita ere Kataluniako prozesu subiranistarekin lotutako auziarengatik espetxeratuta dauden zenbait presoren senideak eta Valtonyc rap abeslariaren babes taldeko ordezkariak.

Altsasu Gurasoak plataformatik azaldu dutenez, solasaldian Amaia Izko Altsasuko gazteen defentsa abokatuaren bideo bat eman dute. Izkok auziko "irregulartasunak" zerrendatu ditu eta terrorismo delituaren erabilera neurrigabea salatu du. Horrez gain, Iñaki Abad auziperatuak gertakarien gauean grabatu zuen bideoa ere proiektatu dute. Ustezko liskarren ostean, tabernaren kanpoaldean zegoen giroa grabatu zuen Abadek. Goikoetxearen esanetan, hitzaldiko entzuleek "harriduraz eta haserrez" ikusi dute bideoa, guardia zibilen bertsioa hankaz gora uzten duela iritzita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.