Altsasuko gertaerengatik auzipetutakoen egoera salatzen duen adierazpena onartu dute 50 gizarte eragile inguruk. Oharrak bidegabetzat jotzen ditu fiskaltzak eskatutako zigorrak —hamabi urtetik 62 urterainokoak—, eta baita auzipetutako hiru gazteri ezarritako behin-behineko kartzelaldiak ere. "Aipatutako inputazioak sostengatzen dituzten beharrezko baldintza juridikoak ez betetzeak eta proportzionaltasun faltak urratu egiten dituzten pertsonen askatasunerako eta babeserako eskubideak", dio adierazpenak.
Bide beretik eragileek gogorarazten dute bai Nafarroako Gobernuak eta baita Legebiltzarrak ere kritikatu dutela auzitegien "neurriz kanpoko jokabidea", eta Nafarroako Lurralde Auzitegiak ohartarazia duela ez direla gutxieneko baldintzak betetzen gertatutakoa "terrorismotzat" jotzeko. Horiek hala, eskatzen dute aske utz ditzatela auzipetuak, eta gertatutakoari buruzko auzia Nafarroako epaitegietara itzul dadila.
Hementxe daukazue #Altsasu ko kasuaren inguruan hainbat eragile sozialek egindako adierazpena,atxikimendu guztiekin batera #AltsasukoakASKEpic.twitter.com/s2CVzVYjw2
— Altsasu gurasoak (@Altsasugurasoak) 2017(e)ko irailak 27
Epaiketara begira
Auzitegi Nazionalean defentsako abokatuek euren lekukoak eta frogak aurkeztu dituzte eta horren inguruko iritzia eman behar du orain epaimahaiak. Behin hori zehaztuta, hurrengo asteetan epaiketarako hitzordua jarriko dute. "Guk ahalik eta azkarren izatea nahiko genuke, behingoz amesgaizto honekin amaitzeko", esan du Bel Pozueta Adur Ramirez de Aldaren amak, gurasoen izenean. Auzia hasieratik politizatuta egon da, eta egungo testuinguru politiko zailean epaiketa noiz egingo duten antzematea zail egiten zaie.
Udan zehar mobilizazio eta hitzaldi andana egin dituzte eta orohar jasotako babes guztia eskertu dute. "Ez gara inoiz nekatuko eskerrak emateaz". Hala ere, epaiketa ate joka izanik, mobilizazioei adi egoteko eskaera ere egin dute gurasoek. Altsasun, adibidez, atzo batzarra egin zuten eta bertan bai elkartasuna adierazteko bai mobilizazioak egiteko ideiak atera dituzte. Hurrengo asteetan jakinaraziko dute mobilizazio egutegi berria.