Altsasuko Auzia

Altsasuko auziko gurasoek manifestaziora deitu dute apirilaren 14rako

Apirilaren 16an hasiko da 2016ko urriko liskarren harira auzipetutako gazteen aurkako epaiketa.

Iruñeko Katakrak liburudendan aurkeztu dute manifestazioa. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
jon olano
2018ko urtarrilaren 25a
13:25
Entzun

"Arrazoiak sobera daude". Altsasuko auzian inputatuta dauden gazteen gurasoek uste dute badela nahikoa argudio mobilizatzeko, eta apirilaren 14rako jarri dute hitzordua; 17:30ean, manifestazio bat abiatuko da Iruñeko Golem zinema aretotik, "bidegabekeriari planto" egiteko.

Gaur eman dute martxaren berri, Nafarroako hiriburuan. Zortzi gazte daude auzipetuta, eta fiskalak 50na urteko espetxe zigorra eskatzen die seiri, 62 urtekoa beste bati, eta 12 urtekoa beste bati. Apirilaren 16tik 27ra bitartean egingo dute ahozko epaiketa; manifestazioa, beraz, epaiketa hasi aurreko larunbatean egingo dute.

2016ko urriaren 15 goizaldeko gertakariak epaituko dituzte; Altsasuko (Nafarroa) taberna batean kaleko jantzitako bi polizia eta beren bikotekideak jotzea terrorismo delitutzat jo zuen Carmen Lamela epaileak. 2016ko azarotik, preso daude Adur Ramirez de Alda, Jokin Unamuno eta Oihan Arnanz.

Hain justu, nabarmendu dute, epaiketa egiten denerako, hirurek urte eta erdi emango dutela kartzelan epaituak izan gabe: "Izugarrikeria onartezina da hori gutxieneko printzipio demokratikoak dituen pertsona ororentzat". Halaber, salatu dute prozesu judizialean "oinarrizko eskubideak urratu" direla: errugabetasun presuntzioa eta defentsarako eskubidea, esaterako: "Instrukzio epaileak aintzat hartutako bertsio bakarrak akusazioarenak dira". Gainera, uste dute "epaiketa paralelo bat" egin dutela zenbait hedabidek, "herri oso baten errealitatea desitxuratuta".

Unamuno, Arnanz eta Ramirez de Aldarekin batera, Iñaki Abad, Julen Goikoetxea, Jon Ander Cob, Aratz Urrizola eta Ainara Urkijo daude auzipetuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.