Igande honetan bete dira sei hilabete, Altsasuko Koxka tabernan izandako liskarretatik. Handik gutxira Carmen Lamela epailearen aginduz zazpi gazte atxilotu zituzten, eta horietatik hiru preso jarraitzen dute. "Poliziaren muntaiaren ondorioz, hiru gaztek espetxe politika anker baten menpe jarraitzen dute. Euren familia, lagun eta ikasketa guneetatik 500 kilometrora", salatu dute antolatzaileek.
Orotara 4.000 pertsona inguruk egin dute bat manifestaziorako deialdiarekin. Gazteen aldeko plataformatik gogorarazi dute, hiru atxilotuez gain, beste bost pertsona ere auzipetuta daudela, "zentzurik gabeko epaiketa baten zain".
Auzipetutako gazteek eta haien senideek ez dakite oraindik auzia Nafarroan edo Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko ote den. Gorenak du azken hitza.