Motorrak berotu nahi dituzte apirilaren 14ko deialdiari begira. Horregatik, Altsasukoak Aske plataformako kideek zein Altsasu Gurasoak taldeak manifestazioaren aldeko ekintzak bultzatu nahi dituzte Euskal Herri osoan.
Manifestazioa Iruñean 17:30ean irtengoa da Golem zinema aretoetatik. "Ziur gaude injustizia salatzeko eta askatasuna eta eskubide demokratikoen alde aldarrikatzeko inflexio-puntua ezarriko duela", azpimarratu dute antolatzaileek.
Hitzordu horri begira, aurretik, martxoaren 16 eta 17an Ez da posible! lelopean babes eta mobilizazio asteburua antolatuko dute. Egin daitekeen toki guztiei eta horretarako prest dauden pertsonei egiten diete eskaera, nahi dituzten mobilizazioak antolatzeko tokian tokiko beharretara egokituz: auto-ilarak, herri bazkariak, kontzertuak, pankartak... Guztiak ere apirilaren 14ko manifestazioaren berri eman asmoz.
"Ziur gaude manifestaziora deitu genuen egunean adierazi bezala, jende asko datorrela bat ideia honekin: ez direla soilik gure gazteak aulkian eseraraziko dituztenak. Jendartearen etorkizuna dago jokoan", aipatu dute.