Europako Parlamentura eraman dute, beste behin, Altsasuko auzia. Miren Goikoetxea eta Antxon Ramirez gurasoek hartu dute hitza Bruselan, EAJko, EH Bilduko, ERCko, Podemoseko, IUko eta BNGko europarlamentariek babestuta. Altsasuko gazteei ezarritako zigorrak "neurriz kanpokoak eta injustuak" direla salatu dute Goikoetxeak eta Ramirezek parlamentuan: "Ez zen epaiketa justurik egon".
Ez da lehen aldia Altsasuko Gurasoek Europako erakundeetara jotzen dutena. Gaur Bruselan oroitarazi dutenez, urtebete baino gehiago da Frans Timmermans Europako Kontseiluko presidenteorde eta Harreman Instituzionaletarako mandatariarekin bildu zirela. Kasua jarraituko zuela esan zien hark, baina Ramirezek kritikatu du ez dutela beste berririk izan.
Goikoetxearen hitzetan, azkenean terrorismo delitua egotzi ez badiete ere, "terrorismoa balitz bezala" epaitu dituztela gazteak, eta halakoak direla zigorrak ere. Martxoaren hasieran, Espainiako Auzitegi Nazionaleko apelazio salak bere egin zuen ekainean Zigor Arloko lehen aretoak ebatzitakoa. Terrorismo zantzurik aurkitu ez arren, hamahiru urte arteko zigorrak berretsi zituen agintaritzaren kontrako atentatua egitea, desordena publikoa eragitea zein lesioak eragitea egotzita. Altsasuko Gurasoek jakinarazi dutenez, Espainiako Auzitegi Gorenera jotzeko kasazio helegitea prestatzen ari dira orain abokatuak.
Bihar, ICECen jardunaldian
Bihar, Bel Pozueta Altsasuko Gurasoak taldeko kideak estatuen indarkeriari buruzko parlamentuko ekitaldi baten hartuko du parte, Korsikako eta Herrialde Katalanetako beste hizlari batzuekin batera. ICEC Europar Hiritarren Nazioarteko Batzordeak antolatu ditu ekitaldiak, eta Anna Arque ICECeko kidearekin, Karl Drabbe historialariarekin eta Korsikako ordezkari batekin arituko da Pozueta.
Igandean, manifestazioa egingo dute Altsasun, Ez da justizia, Altsasukoak aske lelopean. 12:00etan izango da mobilizazioa, eta Euskal Herriko leku askotan autobusak antolatzen ari dira.