Altsasuko mozio bat arbuiatu du parlamentuak, «biktimak gutxiesteagatik»

Poliziaren jazarpenaren aurkako batzordea osatu du Altsasuko Udalak; parlamentua kontra azaldu da

Erredakzioa
Iruñea
2012ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Poliziaren presentzia «itogarria» salatzen duen mozio bat onartu zuen uztailaren 27an Altsasuko Udalak, osoko bilkuran —Bildu, NaBai eta PSNren babesare- kin—. Horren harira, erabaki dute Poliziaren jazarpenaren aurkako batzorde bat sortzea. Gaiak, baina, eztabaida piztu du, eta Nafarroako Parlamentua Altsasuko mozioaren aurka azaldu da, «biktimak gutxiesten dituelako». Parlamentuko adierazpenak PP, UPN eta PSNren babesa jaso du, eta Bildu, NaBai eta Ezkerra kontra azaldu dira.

Altsasuko Bilduk, NaBaik eta PSNk salatu dute Nafarroako beste toki batzuetan baino hiru aldiz polizia gehiago dagoela Altsasun, eta herritarren eskubideak defendatzeko sortu dute batzordea. Era berean, Poliziaren jazarpena bizi izan dutenei elkartasuna helarazi diete.

Mozioari buruzko adierazpena egitea PPren aldetik sortu da. Haren aburuz, ETAren biktimak gutxiesten ditu mozioak, eta poliziak kanporatzearen alde egiten du. Hala, UPNk eta PSNk ere PPren adierazpenarekin bat egin dute. Altsasuko alkatearen jarrera ere gaitzesteko eskatu du PPk, baina puntu hori UPNk baino ez du babestu.

Parlamentua, Poliziarekin bat

Nafarroako Parlamentuak babesa agertu dio Guardia Zibilari eta Foruzaingoari, eta herritarren «segurtasunaren alde» egindako lana goraipatu du. Gainera, kritikatu egin du mozioan polizien aurka erabilitako terminologia.

Horrez gain, Carmen Alba Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak «erabateko babesa» adierazi die Altsasun lan egiten duten poliziei. Haren irudiko, «eredugarria» da egiten duten lana, eta, ETA «ahultzea» eskertu die. Alba harrituta azaldu da Altsasuko Udaleko PSNko zinegotziak bat egin zuelako Poliziaren jazarpenaren kontrako mozioarekin. Horregatik, gogorarazi du zenbait alderdik eta pertsonak «trabak» izan dituztela politikan abertzaleek ez bezala pentsatzeagatik, eta nabarmendu du PSNk badakiela hori gertatu izan dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.