Hilaren amaieran izango da Ospa Eguna, Altsasun (Nafarroa). Horren harira, antolaturiko ekintza horiek iker ditzan galdegin dio fiskaltzari AEGC Guardia Zibilen Espainiako Elkarteak. Salatu dutenez, "gorroto delituaren eredu garbia" da egun hori; izan ere, polizia indarren presentziaren aurka antolaturiko eguna da. Hala, egoera ikertu eta neurriak har daitezela eskatu du elkarteak. "Arrazoirik gabeko indarkeria psikologiko" izendatu du Altsasun egin ohi den jarduna, "etazaleen mehatxupean bizi diren agenteen eta haien familien aurka antolatua".
Halaber, elkarteak adierazi du "abertzaleen oilartze" gisa izendaturiko egun hori lotuta egon daitekeela Espainiako Gobernuaren eta Nafarroako Foru Erkidegoaren arteko akordio batekin. Ohar batean adierazi dutenez, oraindik Altsasun lan egiten duten guardia zibilak bertatik bidaltzea izango litzateke ustezko akordio horren xedea. Gainera, nabarmendu dute akordio hori "EH Bilduren eta alderdiaren jarraitzaileen eskakizuna" dela, Ospa Eguna izeneko "ekintza horiek antolatzearen arduradun horiena", alegia.
Era berean, kargu hartu die Arnaldo Otegi eta haren alderdikideei, "damua ez azaltzeagatik eta terrorismoaren biktimekiko gutxieneko enpatia ez sentitzeagatik". "Argi dago iraganeko otso berberak direla; indarkeria eta gorroto bera antzeman daiteke haiengan, eta desberdintasun bakarra da orain eserlekuak dituztela erakundeetan", ohartarazi du elkarteak. "Inoiz baino indartsuago sentitzen dira, euren bozen bitartez hilketen bitartez lortu ez zutena galdegiteko aukera baitute", jarraitu dute idatzian.
Duela zortzi urte sortu zen Ospa Mugimendua, 2011. urtean. Geroztik, urtez urte antolatu ohi dituzte egun horiek, Guardia Zibilaren presentzia gaitzetsi eta Altsasutik joan daitezen eskatzeko. Mugimendua sortu zenetik, sarritan salatu dute segurtasun indarren gehiegizko presentzia hori; izan ere, haien esanetan, Sakana da Europako Batasunean polizia dentsitate handienetarikoa duen eremua.