Amaiur, ERC eta BNGk nazio eskubideak eskatu dituzte

Espainiaren krisiak gainditzeko bidea demokrazia eskuratzea eta nazio eskubideak errespetatzea dela diote

Perez, Errekondo eta Bosch, atzo Madrilen eginiko agerraldian. BERRIA.
Erredakzioa
2013ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuak gaur Barcenas auziari buruzko azalpenak emango dituela eta, Espainiako Estatuari buruzko hausnarketa bateratu bat kaleratu dute Amaiurreko, ERCko eta BNGko diputatuek. Espainia murgilduta dagoen krisietatik ateratzea premiazkoa dela ohartarazi dute Hego Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako taldeek, eta demokraziari bide egitea dela horretarako modu bakarra. Bide horren barruan, estaturik gabeko nazioen eskubideak aitortu beharra dagoela adierazi dute; nazioek beren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea errespetatu beharra dagoela.

Espainiako Diputatuen Kongresuan eginiko prentsaurreko batean eskatu dute nazio eskubideak aitortzeko Hego Euskal Herriko Amaiur, Kataluniako ERC eta Galiziako BNGko diputatuek. Halaber, herritarren parte hartzean oinarritutako politikak garatzeko aldarrikatu dute. Amaiurreko ordezkari Xabier Mikel Errekondok, ERCko Alfred Boschek eta BNGko Rosana Perezek egindako agerraldian azaldu dutenez, hori da krisialditik ateratzeko bidea.

Eta Espainiaren krisialdia ez dela ekonomikoa soilik ohartarazi dute. Hiru alderdiek kongresuan aurkeztutako adierazpen bateratuan zehaztu dute hiru direla ardatz nagusiak: «Krisi ekonomikoa eta hartu diren neurri neoliberal eta zentralizatzaileak, batetik; «estatu eredua eta nazio aldarrikapenak», bigarrenik; eta, ustelkeria, hirugarrenik.

Hiru alderdien ustez, krisiak agerian utzi ditu Espainiako Estatuaren «gabezia demokratikoak». Areago, «estatu espainolean ez dago botere politikorik», adierazi dute. «Izan ere, botere militarrak, Elizak eta botere ekonomikoek behin eta berriro ukatzen dute botere politiko hori».

Espainiako estatu ereduaren krisiari dagokionez, ohartarazi dute PPren zein PSOEren «ustelkeria» kasuak estatuarentzat «karga gaindiezin bat» izango direla. Horiei hitz egin diete horregatik.

Espainiako bi alderdi nagusiei «arazoaren sustraietara» jotzeko eskatu diete, eta herritarrei hitza emateko, zein estatus juridiko eta politiko nahi duten galdetzeko. «Erabakitzeko eskubidea ukatzeak eta guztiontzat neurri berak ezartzeak ezkutatu eta atzeratu baino ez dute egiten saihestu ezin den errealitatea: hemen badirela euren etorkizuna libreki eraiki nahi duten nazioak», ohartarazi dute hiru herrietako ordezkariek. «Ordua heldu da, beraz, eskubide nazionalak ukatzetik estaturik gabeko nazio guztiak onartzera salto egiteko», azpimarratu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.