Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdien kanpaina. Aritz Romeo. Amaiurren Nafarroako bigarrena

«Amaiur hartzen ari den indarraren beldur dira UPN eta PP»

Barcinak eta Raxoik berriro laugarren xedapen iragankorrari heltzeak urduritasuna islatzen duela iritzi dio. Horregatik, PP eta UPNri aurre egiteko, Amaiurren aldeko botoa eskatu du Romeok.

IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2011ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Oso modu grafikoan iragartzen du Aritz Romeo Amaiurren Nafarroako zerrendako bigarrenak (Iruñea,1982) koalizioak igandean lor dezakeen emaitza ona: «Amaiurreko ordezkari guztiak ez dira auto berean sartuko. Auto bat baino gehiago beharko da Madrilera joateko». Kanpainako azken bi asteburuetan Anaitasuna zein Belodromoa betetzea lortzeaz gain, herriz herri aretoak bete dituztela nabarmendu du: «Horrek esan nahi du herritarrek ulertu egin dutela Amaiurren erronka». Haren esanetan, erronka hori Hego Euskal Herriko lehen indarra izatea da, eta Nafarroan bigarren indarra izatea. Haren esanetan, argitaratu ez diren inkestetan, Nafarroan bigarren diputatua eta senatari bat lor ditzake.

Zaila dirudi bigarren diputatua lortzea. Zeren mende egon daiteke bigarren eserlekua lortu ahal izatea?

Bai, zaila da. Horretarako, bigarren indarra izan behar dugu. Oso garrantzitsua da, lehen aldiz historian Nafarroan senatari abertzale bat egongo litzatekeelako. Hori lortzeko, ezkerreko botoak eta boto abertzale eta euskaltzaleak ez dira galdu behar. Beraz, abstenitu behar duenak bi aldiz pentsatu beharko luke. Azkenean, abstentzio bakoitzak UPNri ematen dio abantaila. Emaitza historikoa lortzear gaude, eta merezi du ahalegina egitea.

UPN-PP lehen indarra izango da, baina ez dago argi zenbat boto lortuko dituzten. Zer aurreikusten duzue?

Ez dakit zer emaitza lortuko duten. UPNk eta PPk ikusi dutenenean ezkerreko indar abertzaleok elkarrekin joanen ginela, berehala joan ziren euren artean batzera. Ikusi ahal izan dutenean kanpainan Amaiur izugarri igotzen ari dela, eskatu diote DerechaNavarra y Españolari hautagaitza bertan behera uztea. Beldur dira Amaiur hartzen ari den indarraz.

Larunbatean, mitinean, Barcinak laugarren xedapen iragankorra kentzeko eskatu zuen, eta Raxoik erantzun zion Konstituzioaren erreforma eginez gero kenduko duela.

Pimpinela antidemokratiko bat osatzen dute. Tristura ematen dit Yolanda Barcinak laugarren xedapen iragankorrari buruzko ezjakintasuna hain modu argian azaltzea. Ez Raxoik, ez Barcinak ez dute ulertujuridikoki, politikoki eta sozialki zer esan nahi duen laugarren xedapen iragankorrak: ez du ezartzen Nafarroa EAErekin bat egitea, baizik eta Arabarekin, Bizkaiarekin eta Gipuzkoarekin batera subjektu politiko berri bat sortzea. Horren prozedura oso zaila da, baina hura kentzeak esan nahi du herriari hitza eman nahi ez izatea. UPNk eta PPk ez dute errespetatzen nafarren hitza eta erabakia.

Zeri erantzuten dio kanpainaren erdian gaia ateratzeak?

Bi arrazoi daude. Batetik, Amaiurren beldur dira, gure proiektua herritarrei hitza eta erabakia eman nahi izatean oinarritzen delako. Horregatik, korrika eta presaka nahi dute xedapen iragankorra deuseztatzea. Bestetik, estali egin nahi duteUPN gobernuan egiten ari den gestio okerra: Adibidez, Nafarroako Kutxaren kapitala urte eta erdian 1.200 milioi eurobalio izatetik 180 milioi euro balio izatera pasa da; Los Arcoseko Zirkuitua; Nafarroako Ubidearen lehen faseak 600 milioi euroko zorra izatea edo Barcinak bere soldata jaistea, benetan %33 igo duenean. Ekonomia Nobel saria emateko modukoa da!

ETAren erabakiaren ondotik, UPNk ohiko diskurtsoari heltzen dio. Lortuko al duzue UPN mugiaraztea?

Barcina eta UPN mugiarazi beharko dira errealitateak hala dioelako. ETAren iragarpena herri honetan azken 50 urtetan gertatu den gauzarik garrantzitsuenetakoa da. Oso berri ona da, eta borroka armatua hainbat aldiz euren mesederako erabili dutenek orain ez dute onartu nahi hori guztia amaitu dela, euren pagotxa amaitu egin dela.

PSOE-PSNk 51.200 boto lortu zituen maiatzean; duela lau urte, 115.000 boto inguru. Bigarren indarra izan eta PSN ahultzeko komeni zaizue kanpaina honantz ekartzea?

Abertzale batentzat hauteskunde orokorrak inoiz ez dira errazak. Amaiurren kasuan, ezberdina da Amaiur ezkertiar eta abertzaleen arteko batasun handiena delako. Eta hori nabari da Anoeta eta Anaitasuna betetzerakoan, eta herriz herri goazenean. Hori da Amaiurren abantaila eta eraiki nahi duen zubiaren argamasa: herritarrak. Amaiurrek milaka eta milaka herritarren aldarrikapenei hitza eta ahotsa jarriko die Madrilen.

Geroa Baik dio Amaiurrekiko proiektu desberdindua dela. Ados zaude? Zergatik?

Lehenik eta behin, gure arerio politikoa ez da Geroa Bai baizik eta UPN, PP eta haiei babesa eman dien PSN. Ez dakit zeintzuk diren ezberdintasunak. Amaiur da bakearen, ezkerreko politiken eta erabakitzeko eskubidearen aldeko indarra.Geroa Baik esan beharko du zergatik ez dagoen ados. Amaiur batasunaren aldeko apustu zintzoa da, eta bertan gaudenok ulertzen dugu aldentzen gaituenaren gainetik dagoela batzen gaituena. Hori ulertzen ez duena diferentziak bilatzen ari da, baina benetan, ez dago sakoneko diferentziarik.

Zer aldarrikatuko duzue Gorteetan, eta zertan bereiziko da nafar diputatuen ahotsa?

Gure presentzia izanen da arduratsua eta ezberdindua. Ez gara beste talde batzuk joan diren moduan, dirua irabaztera edo besaulkiak berotzera joango. Joanen gara gure herritarren arazoei konponbide bat jartzera. Gure lehen ardatza da bakea lortzea: bake justu eta behin betikoa. Horretan bat egiten dugu Gernikako akordioarekin, eta Amaiurrek tinko aldarrikatuko du falta diren zazpi puntu horiek betetzea. Bestetik, uste dugu Euskal Herriak bere etorkizuna erabaki nahi duela eta Espainiatik uko egiten zaiola. Amaiurrek hori aldarrikatuko du, betiere nafarren erabakitzeko eskubidea errespetatuz. Bestetik, krisi ekonomiko honetan, oinarrizko eskubide sozialetan eta zerbitzu publikoetan atzerapausorik ez ematea aldarrikatuko dugu.

Espero duzue Raxoik urratsak egingo dituela baldin eta presidente bada?

Hurrengo presidentea Raxoi izan edo Rubalcaba izan, euren betebeharra bete beharko dute. Ez dakit Raxoik zer egin nahi duen. Antzeman daiteke nondik nora doan, baina behin betiko bakea lortzea bere erantzukizuna bada. Hor dugu Gernikako Akordioa, Aieteko Adierazpena, eta hor dugu ETAren adierazpena. Beraz, Estatuari dagokio aurrerapausoak ematea.

Amaiurrek talde parlamentario lortuz gero, zer mezu emango luke?

Mezu zuzena emango genioke Espainiako Gobernuari. Bakegintzan aurrerapausoak eman dira eta une historiko baten aurrean gaude: batetik, Estatuei dagokie urratsak egitea ETArekin gatazkaren ondorioak konpondu ditzaten, eta bestetik Euskal Herriko eragile politikooi dagokigu normalizazioaren aldeko pausoak ematea. Hartara, indar abertzaleen batuketaren sinbolo den Amaiurrek Madrilen bost, sei, zazpi edo zortzi diputatu izatea izugarrizko mezua da Madrilentzat eta Estatuarentzat. Zenbat eta indartsuagoa izan orduan eta ozenago entzungo da gure ahotsa. Ez gara bakarrik joango gauzak argi eta garbi esatera. Egitera ere bagoaz. Gero eta ordezkari gehiago badituzu, bakegintzan eta normalizazio politikoan bultzatzeko eragin eremua handitzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.