Amaiur: «Herritarren borondatea errespetatuko den dago jokoan»

Koalizioak azaldu du behin betiko bakean sakontzeko «aukera bikaina» direla bozak eta herritarren «bozgorailu» izango direlaEuskal herritar guztien eskubide sozialen defentsa egingo dute Espainiako Gorteetan

joxerra senar
Iruñea
2011ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Gaur gauean hasiko da Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpaina. Espainian, Mariano Raxoi (PP) eta Alfredo Perez Rubalcaba (PSOE) hautagai nagusien arteko lehia politikoak bereganatuko du arreta mediatikoa; Euskal Herrian, berriz, ETAk jardun armatua uzteko erabakiak baldintzatuta hasiko da kanpaina. Atzo, Iruñean, Amaiurreko hautagaiek eta koalizioaren sustatzaile izan diren lau alderdietako —Alternatiba, Aralar, Eusko Alkartasuna eta ezker abertzalea— ordezkariek emandako prentsaurrekoan kanpainako ildo nagusiak aurkeztu zituzten. Bertan, argi utzi dute hauteskundeotan jokoan ez dela izango PSOEk edo PPk irabaztea hauteskundeak: «Nafarroako errealitate politikoa aintzat hartuta eta nafarrek hartuko dituzten erabakiak errespetatuta, Hego Euskal Herriko lau lurraldeetako herritarren borondate demokratikoa errespetatuko den edo ez dago jokoan».

Atzoko prentsaurrekoan, Sabino Cuadra eta Marian Gorraiz Amaiur koalizioko Nafarroako hautagaiek eta Rafa Larreina EAko zuzendaritza nazionaleko ordezkariak hitz egin zuten. Bertan ziren, besteak beste, Maite Aristegi, Aritz Romeo, Pernando Barrena, Maiorga Ramirez eta Txentxo Jimenez.

Aitzakiak amaitu dira

Rafa Larreinak uste du «une erabakigarria» dela egungoa, eta euskal gizartearen protagonismoa aldarrikatu du. «Horregatik, Madrilen euskal gizartearen ahotsa izateko konpromisoa hartzen dugu». Larreinaren arabera, «politikaren eta gizartearen ordua» heldu da, eta elkarrizketaren bidetik euskal gatazkari konponbidea emateko «erabateko demokrazia» eskatuko du Amaiurrek. «Aukera hau ez dugu alferrik galtzen utziko, aitzakiak eta zalantzak amaitu direlako».

Marian Gorraiz Nafarroako zerrendako bosgarrenak euskaraz irakurritako agirian nabarmendu du, berriz, Donostiako Nazioarteko Konferentziak eta ETAren erabakiak indartu egin dutela Amaiurren apustu politikoa, «aro politikoberri baten adibide aproposak direlako». Ildo beretik, behin betiko bakea lortzeko eta konponbide demokratikoan sakontzeko aukera gisa ikusten ditu koalizioak azaroaren 20ko hauteskundeak.

Horrenbestez, gatazka politikoa gainditzeko oinarriak eraman nahi dituzte hala Kongresura nola Senatura: batetik, Euskal Herria nazio gisa aitortzea, bigarrenik, euskal herritarren erabakitzeko eskubidea aldarrikatzea; hirugarrenik, herritar guztien eskubide sozialen defentsa eta, batez ere, «neokapitalismoak eta oligarkia ekonomikoek eragindako krisi bidegabe honen ondorioak pairatzen ari diren herritarren eskubideen defentsa».

Ardatz horietan oinarrituko da Amaiurren jardun politikoa. Koalizioaren ustez, Euskal Herriari begira, Raxoik eta Rubalcabak defenditzen dituzten proiektuak «oso antzekoak» dira, eta «zentzu politikoan, sozialean edo ekonomikoan ez dute etorkizunera begirako alternatibarik proposatzen».

Hala, «herri honen bozgorailu» izan nahi du Amaiurrek, eta Euskal Herriaren hizkuntz, kultura, gizarte eta ingurumen eskubideak eta eskubidenazionalak aitortuak izateko aldarrikapena egingo dute. «Exijentziaren ahotsa eraman nahi dugu Madrilera», azpimarratu du Marian Gorraizek.

Koalizioa lau indarrek osatzen dute, eta kanpainan «balio berezia» eman nahi diote ezkerreko abertzaleen eta independentisten arteko indar metaketari. Haien ustez, indarren batura horrek eramango du Euskal Herria behin betiko bake jokaleku batera. Etorkizunari begira, gainera, oraindik ere are indar gehiago izateko asmoa dute.

Gaur gauean hasiko da kanpaina, eta berehala Iruñean bertan egingo du kanpainako ekitaldi nagusietako bat: koalizioak etzi, 17:00etan, jendaurrean bere proiektua ezagutaraziko du Anaitasuna kiroldegian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.