Atzo iluntzean Laudion eginiko ekitaldia hotza izango zela zirudien, baina erraz berotu zen. Mezua eta sentimenduak uztartuta lortu zuen hori Amaiurrek. Espainiako Kongresurako Arabako hautagai nagusiek Madrilera zertara joan nahi duten azaldu zuten. Herriko presoek utzitako hutsunea nabaria izan zen ekitaldian. Hautagaiek eman zuten mezua, ohiko mitin itxuran. Eskubide guztien aldarria egin zuten, eta Euskal Herriaren burujabetzaren alde eta indarkeria guztiak desagertzearen alde egin zuten. Madrilen ere halaxe jardungo dutela hitzeman zuen Iker Urbinak, Kongresurako Arabako zerrendaburuak. Sentimendua, espresuki aipatu gabe, gogoan hartutako presoek piztu zuten; keinu horrek berotu zuten giroa.
Hilaren 20ko hauteskundeak «inpugnaziorik gabeko hauteskundeak» izango diren arren eskubideen urraketak indarrean jarraitzen duela ohartarazi zuen Urbinak, orain arte euskal presoen defentsa lanetan aritu izan den abokatuak. «Estatuko aparatuen indarkeriak indarrean jarraitzen du». Kanpaina hasi bezain laster, Guardia Zibila Amaiurren hainbat ekitaldi oztopatzen aritu dela ohartarazi zuen, eta Espainiako Poliziak Nafarroako hautagai bati eraso diola, Joseba Compainsi.
«Biolentzia guztia desagertzea bultzatuko du Amaiurrek; biolentzia guzti-guztia», esan zuen. Gainerako indar politikoei gauza bera egin dezatela eskatu zien, eta «Espainiako Estatuari, indarkeria eta mehatxuak behin betiko albora ditzala».
Konponbiderako
Datozen hauteskundeak «behin betiko bakean eta konponbide demokratikoan sakontzeko aukera bikaina» direla uste du Urbinak. Eta Madrilera aukera balia dadin bultzatzera joan nahi du. Begoña Garaigordobil Kongresurako Arabako bigarren hautagaiak baieztatu zuen mezu hori: «Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeek, berez, ez dute interes berezirik abertzaleentzat. Madril ez da gure joko zelaia, eta ez du izan behar, gainera. Baina hauteskunde hauek garrantzitsuak dira konponbiderako. Garrantzitsua da Madrilen indartsu sartzea, etorkizuna baitugu jokoan. Gure etorkizuna erabakitzen uztea nahi dugu, eta horretarako goaz Madrilera».
Maritxu Goikoetxea Kongresurako hirugarren hautagaiak buruarekin eta bihotzarekin hitz egin zuen: «Amaiur iraganaren, orainaren eta etorkizunaren bihotza eta zubia da; burujabetzaren bihotza eta zubia». Euskal Herriaren lurraldetasuna aldarrikatu zuen, independentzia, sozialismoa, ekologia eta parte hartzea. «Hitza behar dugu, hitza, elkarrizketa baita zubiak eraikitzeko tresna bakarra». Guztien elkarlana aldarrikatu zuen, beraz, «ametsa betetzeko».
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdien kanpaina
Amaiurrek agindu du indarkeria guztia desager dadin lan egingo duela
Berak ere indarkeria alboratu behar duela esan dio Iker Urbina zerrendaburuak Espainiako Estatuari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu