Indarkeriaren biktimak

Amaiurrek biktima guztiak onartu ditu Gernikan

Espainiako Kongresuko ekitaldiak «ekarpen positiboa» egiteko asmorik ez zuela-eta, berea egin du koalizioak

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Gernika
2012ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Gernikara joan da Amaiur biktimei onarpena ematera. «Indarkeria ororen biktima guztien errekonozimendua adieraztera». Gernikako Arbolaren ondoan egin du adierazpena. «Euskal Herriaren eta euskal herritarren eskubide eta askatasunen ikurra» den tokian; «hainbeste basakeriaren eta eskubideen urraketaren lekuko» den txokoan. Eta, indarkeria mota guztiek eragindako biktimek «merezi duten ordaina» defendatzeaz gain, egia eskatu du. «Egia osoaren ezagutza» aldarrikatu du Gernikako arbolapean irakurritako adierazpenean.

Atsekabea ere azaldu du Amaiurrek. «Atsekaberik sentikorrena», Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpora «gertatu diren eskubideen urraketen ondorioz izan diren biktima horiei guztiei».

Borondate eta konpromisoak

«Oroimenean, errekonozimenduan eta errespetuan oinarrituriko adiskidetzea sustatzeko borondate osoa berretsi» ere egin dute koalizioak Espainiako Kongresuan eta Senatuan dituen hamar ordezkariek.

Gatazka gainditzeko modua elkarrizketa eta akordioa direla ohartarazi dute. Horixe dela «erabateko konponbidea lortzeko bide bakarra». Hortaz, arazo politikoak konpontzeko «ekintza demokratiko eta baketsuen aldeko eta indarkeria zein mehatxuen kontrako konpromisoa» adierazi dute, «beste behin», Maite Aristegik, Rafa Larreinak, Jon Iñarrituk eta Urko Aiartzak hamar ordezkariren izenean irakurri duten agiria plazaratuta. Euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez zein ingelesez irakurri dute testua lau ordezkari horiek, hurrenez hurren.

Aieteko Adierazpena hartu dute hizpide ondoren. Adierazpena bere egin, eta agiri horren hirugarren puntua aipatu dute espresuki. Atal horrekiko atxikimendua adierazita eskatu diete erakunde, alderdi politiko eta gizarte eragileei «biktima guztien onarpena, konpentsazioa eta laguntza sustatzeko eta horiei eragindako samina onartu eta zauriak osatzen laguntzeko».

Kongresuko ekitalditik kanpo

Atzo bertan Espainiako Kongresuan biktimen alde egin zen ekitaldian Amaiurrek zergatik ez zuen parte hartu ere azaldu zuten koalizioko diputatu eta senatariek. Hain zuzen, Kongresuak ekitaldia egin behar zuenean, Madrildik Gernikara joan ziren Amaiurreko diputatu eta senatariak. Arbolapean biktima guztiak onartzeko ekitaldia egin, eta berriz itzuli dira Madrilera, gaur saioa dutela-eta.

«Terrorismoaren biktimen omenez Espainiako Diputatuen Kongresuak egin duen ekitaldira ez joatea erabaki dugu, gure ustez azken hamarkadetan Euskal Herriak jasan duen sufrimendu guztia onartzen ez duelako eta, beraz, biktima guztiak onartzen ez dituelako», azaldu dute ekitaldi bereiziaren arrazoia.

Areago, Madrilen egindakoa «alderdikeriaz» antolatu dela uste du Amaiurrek, eta ez duela «gatazka politikoaren konponbidean ekarpen positiborik egiteko borondaterik». Hortaz, koalizioak dituen helburu nagusietatik aldentzen dela iritzita, biktima guztien aldeko ekitaldi bereizia Euskal Herrian egitea erabaki du.

Hain zuzen, Amaiurrek bere burua aurkeztu zuenean nabarmendu zuen bezala, «gatazkaren konponbidea bultzatzeko» koalizioak duen «bokazioak» bere horretan jarraitzen duela ohartarazi dute Aristegik, Larreinak, Iñarrituk eta Aiartzak. «Gure helburuetako bat Euskal Herriarentzat bakea lortzea da. Herritar guztiek bere sentitu eta elkarbanatuko duten bakea. Herritar guztiok irabazle sentituko garen bakea».

Hori esan, eta minutu bateko isilunea egin dute Amaiurreko hamar diputatu eta senatariek. Horrela amaitu dute «indarkeria ororen biktima guztiak» onartzeko ekitaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.