Modu «egonkorrean, koherentean, konprometituan eta arduratsuan» lan egingo du Amaiurrek Madrilen, eta bere jarduera ez da Espainiako Kongresuan eta Senatuan bakarrik izango. Koalizioa osatzen duten lau indar politikoetako ordezkariek nabarmendu dutenez, Amaiurrek Madrilen izango duen lantaldeak «solaskide eta pedagogia lana» egingo du han. «Lan handia dago egiteko, hemen bereziki, baina baita Madrilen ere».
Lan hori aurrera eramateko, gainera, Espainiako hiriburuan ordezkaritza instituzionala izango duten indar abertzaleen arteko lankidetza ezinbestekoa dela nabarmendu dute. Hala, joan den astean eginiko deia berretsi dute, eta EAJri eta Geroa Bairi elkarlanerako deia egin diete. «Esparru juridikoa eta politikoa aldatzearen alde gauden indarren ordezkaritza historiako zabalena izango da Madrilen. Eta aukera hori baliatzen jakin behar dugu, Madrilgo Gobernuari erakusteko interes alderdikoiak albo batera uzteko gai garela, era horretara herri gisa jarduteko eskatzen digun gizarteari erantzun ahal izateko».
Donostian eginiko agerraldi batean, azaroaren 20ko hauteskundeetan Amaiurrek lorturiko emaitzei buruzko irakurketa bateratua egin dute ezker abertzaleko, EAko, Aralarreko eta Alternatibako kideek. Pello Urizar EAko idazkari nagusiak adierazi duenez, koalizioak lorturiko emaitzek erakusten dute Amaiurrek «gidatzen» duela «Euskal Herriko ziklo politiko eta sozialaren aldaketa». «Herritarrek emandako babesa beti da pozgarria, baina horrek arduraz jokatzera behartzen gaitu. Egoera politikoak eskatzen digun erantzukizunarekin jokatuko dugu, eta normalizazio politikoa eta Euskal Herriak behar duen aldaketa politiko eta soziala gauzatzeko lanean aurrera jarraitzeko pizgarri modura hartzen ditugu izandako emaitzak», esan du Urizarrek.
EAko buruzagiak azaldu duenez, Amaiurrek bi lan ildo izango ditu Madrilen: krisialdi ekonomikoa eta euskal gatazka. Lehenengoari dagokionez, ohartarazi du euskal herritarren «eskubide ekonomikoak, sozialak, lan arlokoak eta ingurumenekoak gutxiesteko arriskua» gero eta handiagoa dela eta hori saihesteko helburuarekin lan egingo duela.
Gatazkaren konponbideari dagokionez, Gernikako Akordioaren edukiak eta Aieteko Konferentziako ondorioak izango dira Amaiurren «erreferente nagusiak», Urizarrek adierazi duenez.
Espainiako hurrengo gobernuari, berriz, eskatu dio «maila politikoarekin» jokatzeko eta gatazka politikoari heltzeko, besteak beste, «iraganeko eskemak apurtuz». «Erantzukizunarekin eta dagokion mailarekin jokatzeaz ari gara hizketan. Amaiurri, estatuari eta Euskal Herriko eskubide nazionaletan sinesten dugun guztioi dagokigu era horretara jokatzea», esan du Amaiurreko kideak.
Amaiurrek talde egonkorra izango du Madrilen, «solaskide lana egiteko»
Koalizioko kideek diote arduraz jokatzeko garaia dela, eta Geroa Bairi eta EAJri elkarlanerako deia egin diete
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu