Oraingo bilera hau Gobernuko Presidenteordetzako Sailak antolatutakoa izan da. Gobernuak instituzio publikoen "erregenerazio demokratikorako" plan bat egin nahi du, eta Kongresuko taldeekin banan-banan hizketan hasi zen aurreko astean. Ez zuen zertan Amaiurrekin bildu, ganberako araudiak ez duelako horretara behartzen, baina bildu da. Amaiurretik Xabier Mikel Errekondo eta Rafa Larreina diputatuak izan ziren, eta gobernuaren ordezkari gisa, Jose Luis Ayllon Estatu idazkaria.
Juntadizoa Kongresuan bertan egin zuten, ordu erdi batekoa. "Bilera arrunt bat izan zen. Gobernuaren asmoak entzun genituen guk, eta ondoren eskakizun batzuk egin genizkion", esan dio BERRIAri Errekondok. Hark dioenez, Mariano Rajoy presidentearen gobernuak hedabideei begira Amaiurri buruz jarrera "bortitzagoa" du parlamentuan bertan baino. Dena dela, horrek ez du esan nahi erraztasunak jartzen dizkionik. Nahiz eta zazpi diputatu izan, Amaiurri ez diote talde parlamentarioa izaten utzi, 2011ko hauteskundeetan Nafarroako barrutian ez zuelako lortu gutxienekoa —botoen %15 izatetik %0,14ra geratu zen—. Legealdia hasi eta berehala, gainera, PPk iragarri zuen Amaiur harreman bileretatik kanpo utziko zuela.
Errekondok iritzi dio Madrilgo gobernuak "presio sozial handia" duela "delako erregenerazio demokratikorako zerbait egiteko, azken urteetan ustelkeria kasu asko atera delako, erakunde eta alderdi batzuen gardentasunik eza agerian geratu delako, nabarmen geratu delako forudun gehiegi dagoela eta arlo sozial ugaritan mobilizazio sozial garrantzitsuak izan direlako".
Amaiurrek dio aztertuko duela gobernuaren plana, baina, bide batez, erabakitzeko eskubidea eta Euskal Herriko bake prozesua aintzat hartzeko galdegin dio. "Euskal herritarren erabakitze eskubidea errespetatzea eta gatazkaren konponbidean urratsak egitea ezinbestekoa da birsortze demokratikoaz hitz egiteko”. Ayllon Estatu idazkariak erantzun die jaso dituela eskaera horiek eta helaraziko dizkiola Rajoyren gobernuari.
Ez dago baikor Errekondo. "PPk itxura egitea nahi du, ez egoera benetan aldatzea. Ez dugu ezer espero".