Alvaro Amann Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan sailburuak Abiadura Handiko Trenaz hitz egiteko bilera eskatu dio Magdalena Alvarez Espainiako Sustapen ministroari. Amannek jakin nahi du ea Rodriguez Zapatero buru duen gobernuak azpiegituren inbertsioetan iragarritako murrizketek Euskal Y-a egitasmoan eraginik izango duten edo ez.
«Egitasmoa sustatuko dutelakoan gaude, Alderdi Sozialista orain arte horren alde agertu delako», adierazi du Amannek. Sailburuak berak aitortu du, dena dela, PPkoak ere adierazpenetan aldekoak izan arren, «nagikeriak jota» jardun zutela gobernuan izan zirenean.Adierazpen horiek atzo egin zituen sailburuak, Euskal Y-az Gizaker etxeak Jaurlaritzaren aginduz eginiko inkestaren berri emateko egindako agerraldian. Amann pozik zegoen inkestaren arabera «gizarteak ontzat hartu» dituelako abiadura handiko trenaren inguruko asmoak.Inkesta martxoaren 1etik 8ra egin zuten Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian bizi diren 18 urtetik gorako 2.004 herritarrei telefonoz egindako galderen bidez.
Gehiengoaren iritzia
Jasotako datuen gaineko laburpena eman ostean, hauxe adierazi zuen Amannek: «Herritarrek inolako mugimendurik antolatu ez badute ere egitasmoa eskatuz, nabaria da gehiengoaren iritzia aldekoa» dela. Gizartean horretaz eztabaidatzea «ona» dela pentsatu arren, sailburuak ez du uste «beharrezkoa» denik herritarrei erreferendum baten bidez galdetzea.
«Bozetako emaitzak argigarri dira; herritar gehienek programetan Euskal Y-aren aldeko jarrerak zituzten alderdiak babestu dituzte. Herritarrek ondo dakite nori eman dioten botoa eta, beraz, hauteskundeak erreferendum bezala hartu ditzakegu», azpimarratu zuen.Inkestari dagokionez, berriz, galdeketari erantzun ziotenei obraren balorazioa eskatu zieten, proiektuaren gaineko adostasuna 0tik 10era bitartean epaitu zezatela eskatuz: obraren premiaz 7,5eko nota eman zuten inkestari erantzun zioten herritarrek, eta Euskal Y-az zehazki galdetu zitzaienean 7,59koa.Egitasmoaz zuten ezagutzaz galdetu zitzaienean, %50,9k bakarrik zekien zertan datzan, %57,2k zekien bidaiariak eta merkantziak garraitzeko balio izango duela, eta proiektuaz inoiz zerbait entzun duela %78,9k aitortu zuen.
Bueltaka 20 urte
«Nahiko genuke beste hainbat gairen inguruan herritarrek duten ezagutza horrenbestekoa balitz», esan zuen Amannek. Egitasmoarekin bueltaka 20 urte badaramatzate ere, herritarren erdiek baino ez ezagutzearen ardura politikariena «gure errua» izan daitekeela esan zuen Garraio eta Herri Lan sailburuak: «Beharbada politikoen artean eztabaida ugari izan ditugu honen inguruan, baina ez herritarrekin».
Ekologistek trenaren kontra esanak gogoan izan arren, hauxe zehaztu zuen Amannek: «Herritarrek badakite honek baduela bere alde txarra, autobiena baino txikiagoa, betiere; baina badakite alde on ugari dituela, besteak beste ekonomian eta ingurumenean duen eraginagatik, egitasmoak Kyoton agindutakoak betetzen lagunduko baitigu».
AHT ABIADURA HANDIKO TRENA
Amannek dio herritar gehienek «bat egiten» dutela 'Euskal Y'-agaz
Bilera eskatu dio Espainiako Sustapen ministroari abiadura handiko trenari buruz hitz egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu