Igandeko egun erabakigarriaren bezperan, UPNren mozioak bederen eztabaida Nafarroako Parlamentura eramateko balio izan du. Iragan astean Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak Espainiako Gobernuak Katalunian egindako ekinbide autorario eta errepresiboa salatzeko adierazpena onartu zuten. Gaurko eztabaidaren zentzua bestelakoa zen eta alderdiok Kataluniako prozesuaren aurkako mozio hori atzera bota dute.
Iñaki Iriarte UPNko parlamentariak bere hitzaldian erabakitzeko eskubidea gaitzetsi du. Bere irudikoz, igandeko erreferendumaren babesleek Katalunian bizi diren beste lurraldetako herritarren eskubideak murriztu nahi dituzte, era berean euren eskubideei uko egin gabe. "Irrigarria litzateke baldin eta Parlamentu honetako hainbat alderdik txalotuko ez balute". Bere irudikoz, "ergela da arerioari min egiteko asmoz bere buruari ere min egiten diona"; independentista katalanak horretan dabiltzala uste du. "Espainiak lapurtzen dien ideia saldu dute, baina gehien lapurtzen ei dieten lurraldeak pobreenak dira". Ulertezina egiten zaio ezkerreko alderdiek prozesu hori babestea.
PSNk UPNren mozioa babestu du, nahiz eta hitzaldian Maria Txibitek Iriartek erabilitako kalifikatiboak gaitzetsi. Elkarrizketaren aldeko mezua zabaldu nahi izan du, baina argi utzi du era berean ezin dela legedia gainditu. "Legeak eratzen dira, aldatzen dira, indargabetzen dira baina indarrean dauden bitartean bete egin behar dira". Bere irudikoz, estatu ereduaz hitz egiten daiteke baina "arauak errespetatzen ez dituenak ez du legitimitaterik". Txibitek defenditu du demokrazia legedian sustengatzen dela. Hala ere, era berean, akatsa deritzo PPren gobernuak arazo politiko bat judizializatu nahi izateari. Egungo egoerak sendatzeko zailak izango diren zauriak irekiko dituela uste du, eta irtenbiderik gabeko konfrontazioaren ordez elkarrizketarako eremua irekitzea defenditu du.
Espainiako bandera atera gabe, haren koloreetan bildu da Ana Beltran. Espainiako batasuna eta Konstituzioa defenditu ditu: "Espainiako Konstituzioak argi uzten du Espainia herrialde zatiezina dela eta haren subiranotasuna espainiar herri guztiari dagokiola, ez soilik gutxi batzuei". Uxue Barkos Nafarroako lehendakariari zuzendu zaio eta esan dio mozio horren aurka bozkatuz gero, "nafar guztien presidente legitimoa" izateari utziko diola.
Laukoaren argudioak
Eztaida honetan, Parlamentuko beste askotan bezala, bi bloketan zatitu da. Aldaketaren aldeko indarrek prozesua babestu dute. Geroa Baiko Koldo Martinezek UPN, PSN eta PPri "diziplina zentralistaren esanetara" egotea aurpegiratu die. Bere hitzaldian, Iriartek aldarrikatu du foruzale gisa ezin duela Kataluniaren hausturaren estrategia babestu. Argudio horri erantzun nahi izan dio Martinezek: "Baina zuek foruzaleak zarela aldarrikatzen al duzue? Ez gaitzazue kontua hartu Kataluniako gizarteari zer egin behar duen agintzeko". Martinezen aburuz, "ikaragarria" da Espainiako Gobernuaren erantzuna, "Nola ez diegu elkartasuna adieraziko autonomia eten badiete herritarrei iritzia eskatzeko krimena egin nahi izateagatik?".
EH BIlduko Adolfo Araizek PSNri gogorarazi dio elkarrizketa ondo dagoela baina Konstituzioak bere 2. artikuluaren bidez gaindiezina den muga ezartzen duela. Araizen ustez, igandeko erreferendumak trantsiziotik ateratako 78ko erregimenari osoko zuzenketa aurkeztu dio. "Osoko zuzenketarik hoberena igandean hautetsontziak betetzea izango da". Bere irudiko, Espainiako Gobernuak de facto autonomia eten du, baina polizien zein epaileen bidez arazo politiko bati irtenbidea ematerik ez dagoela zehaztu du. "Kataluniako herriak bere geroa erabakitzeko erakutsitako determinazioa goraipatu nahi dugu. Txalogarria da erakutsi duten kemena. 78ko erregimena hautsi dezakeen ekimena da". Bere irudiko, Katalunian ez ezik Nafarroan ere asko egongo da jokoan igandean.
Ahal Dugu-ko Mikel Buili harrigarria egiten zaio oposizioko alderdiek demokrazia hitza jo eta ke erabiltzea 4.000 polizia Kataluniara bidali dituztenean. "Ez da independentziaren aldeko erreferenduma, demokraziaren aldekoa baizik". Era berean, txundigarria iruditzen zaio gobernu batek helburu gisa "herritarren porrota" bilatzea. "Hau ez da futbol partida bat". PSNri oroitarazi dio elkarrizketa egiteko "lehenago entzun" egin behar dela, eta estatuak hain justu hori isilarazi nahi duela gaitzetsi du. "Hau ez da alderdi baten arazoa, ondo lotua zegoen estatu batena baizik". Bere ustez, arazo politiko horri aurre egiterakoan Espainiako Gobernuak jokabide demokratikorik ez du erakutsi. "Eskatzen diogu haien tanketak eta poliziak ateratzeko".
Ezkerrako Jose Miguel Nuinen arabera, 78ko erregimena krisian dago, ez baita gai hainbat arazori aurre egiteko eta horren isla da Kataluniako egoera. "Herritarren aldaketa sakonak eskatzen dituzten bitartean, elite bat bere pribilegioetan gotortuta dago". Nuinen gogorarazi du ordezkari politikoen bitartez, Kataluniako gizartearen %80 erabakitzeko eskubidearen alde dagoela: "Demokrazia batean hori ezin da baztertu". Bere irudiko, eskubide urraketa eta jazarpena "oso larriak" dira eta ez die soilik kataluniarrei eragiten. Dena den, urriaren 1eko emaitzak berme nahikorik ez duela gaineratu du. Bere irudiko, erabakitzeko eskubide aldarrikatzeko eta jazarpenaren aurka egiteko balio dezake.
Eztabaida amaituta, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak atzera bota dute mozioa. UPN, PSN eta PPk alde bozkatu dute.