Senarrak bi orduz kolpatu zuen Amelia Amaya Jimenez emaztea, hil zuen arte. Emakumeak gizona salatua zuen hamabost egun lehenago, eta justiziak urruntze agindu bat ere ezarria zion, baina alferrik izan zen. Bikoteak elkarrekin bizitzen jarraitzen zuen, gizonaren amarekin eta anaia batekin, Bilboko Txurdinaga auzoan, Fraternidad kalean partekatzen zuten pisuan. 2010eko uztailaren 25a zen; goizaldeko lauetan hil zen emakumea. 36 urte zituen.
Ikusi gehiago
Istiluak ugariak ziren bikotean. Bizimodu nahasia zuten gainera. Gizona beste hemezortzi bat alditan atxilotu zuten lehenago, gehienetan lapurretengatik. Emakumeak ere aurrekariak zituen. Eta biak ziren toxikomanoak. Bi alaba zituzten, 17 eta 20 urtekoak. Senarrak maiz kolpatzen zuen emaztea, baina gau hartan saihetsak hautsi eta barruko organoak lehertu zitzaizkion.
Gorpua ohean jarri, eta drogen erruz hil balitz bezala egiten saiatu zen gizona. Arrebari deitu zioten. Larrialdi zerbitzuak iritsi zirenerako, berandu zen. Hilotzari autopsia egin eta gizonaren aurrekariak eta emazteak haren aurkako salaketa bat jarria zuela ikusitakoan atxilotu zuten. Haren ama eta anaia ere atxilotu zituzten, hilketa ezkutatzen lagundu ziotelakoan; handik hilabetera, behin-behineko askatasunean utzi zituzten biak.
Epaiketa urte eta erdira egin zuten, eta hogei urteko kartzela zigorra ezarri zion Antonio Gutierrez Jimenezi. Gizonak 42 urte zituen emaztea hil zuenean. Gainera, urruntze agindua urratzeagatik beste 11 hilabeteko zigorra erantsi zion. Haren anaiari eta amari, berriz, urtebeteko kartzela zigorra ezarri zien, emakumea ez sokorritzeagatik.
Sententzian, epaileak jaso zuen hiltzaileak izaeraren nahasmendu bat zeukala, «psikopata» bat zela, besteen sufrimenduarekiko enpatiarik ez zeukana. Tratamendu psikiatrikoa jasotzen zuen gizonak. Hala ere, epaiketan lekukotza eman zuten adituen arabera, inputatzeko arazorik ez zuen gizonak, hilketa egin zuen momentuan bere gaitasun guztien jabe zelako.