Amelia Amaya kolpeka hil zuela frogatutzat jo du auzitegiak, eta nahita egin zuela, eta gehiegikeriaz, gainera. Horregatik, hogei urteko kartzela zigorra agindu du Bizkaiko Lurralde Auzitegiak Antonio G. J.-ren aurka. Bilbon hil zuten Amelia Amaya, 2010eko uztailaren 25ean; 36 urte zituen hil zutenean, eta bikotekidea zuen hiltzailea. Hil zuen eguna baino bi aste lehenago, emakumeen kontrako indarkeria kasuez arduratzen den auzitegi batek urruntze agindua ezarri zion gizonari; baina Amayak eta gizonak etxe berean bizitzen jarraitu zuten. Urruntze agindu hura urratu zuelako, Bizkaiko Lurralde Auzitegiak 11 hilabeteko kartzela zigorra erantsi dio hiltzaileari. Haren anaia eta ama ere zigortu ditu auzitegiak; bakoitzarentzat urte bateko espetxealdia agindu du, biktimari ez laguntzeagatik.
Bestalde, 33 urteko gizon bat atxilotu eta Basauriko espetxean sartu dute (Bizkaia), bikotekidea bortxatzea egotzita. Herenegun goizean izan zen erasoa, Portugaleten; andreak goizean bertan salatu zien ertzainei. Ertzainek eguerdian atxilotu zuten gizonezkoa, eta atzo eraman zuten epailearen aurrean deklaratzera; kartzelatzeko agindu zuen hark. 2010ean ere atxilotu zuten, genero indarkeriako salaketa batengatik.
Amelia Amayaren hiltzaileari hogei urteko espetxe zigorra ezarri dio lurralde auzitegiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu