iruñea

Ana Elizalde da Ignacio Poloren ordezkoa, behin-behinean

Iruñeko Herritarren Segurtasuneko batzordeburuak kargua utzi du, legezkoa baino hiru bider alkohol tasa handiagoa emanda.

Ignacio Polo Iruñeko zinegotzi ohia eta Simon Santamaria udaltzainburua, aurtengo martxoan. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2014ko apirilaren 22a
07:20
Entzun

Enrique Maia Iruñeko alkateak (UPN) jakinarazi du Ana Elizalde izendatu duela, behin-behinean, Ignacio Poloren partez Herritarren Segurtasuneko batzordeburu. Ogasuneko eta Funtzio Publikoko batzordeburua da Elizalde.

Polok atzo dimisioa eman zuen, alkohol kontrol batean 0,65eko tasa eman ostean; 0,25koa da baimendutako altuena. 500 euroko isuna jarri eta gidabaimeneko sei puntu kendu dizkiote, segurtasunaren kontrako arau hauste "larria" egitea egotzita.

Gabriel Viedma da zinegotzi berria, baina oraindik ez du batzorderik bere ardurapean. 

Maiak gaur emandako prentsaurreko batean adierazi du Poloren portaera ez dela "zuzena" izan.

Autoa martxan jarri eta aparkalekutik ateratzen ari zela, ondoko autoa jo zuen Polok. Alkohol proba egin zioten bertan, eta baimendutako tasa baino ia hiru bider altuagoa zuela-eta, polizia etxera eraman zuten. Bertan, beste bi proba egin zizkioten; 0,75 eman zuen aurrena, eta 0,64 ondoren.

Polok dimisioa aurkeztu zion atzo Iruñeko alkateari. Navarra Televisioni eginiko adierazpenetan, Polo damututa agertu zen: "Egin behar ez nuen okerra egin dut, eta barkamena eskatzen diet herritarrei udaleko ordezkari gisa emandako irudiarengatik". Maiak dimisioa onartu du, eta nabarmendu du Polok karguarekiko izan duen "konpromisoa". Polok uneoro "arduraz" jokatu duela uste du Maiak, dimisioa emateraino.

Alkateak dimisioa onartu ostean, UPNko hautetsi ohiaren jarrera goraipatu du: "Argi dago egin duena ez dela zuzena, baina era berean berehala erabaki du dimisioa ematea. Atzo bertan jarri zuen bere kargua nire eskuetan, eta bere koherentziak galarazi egiten dio karguan jarraitzea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.