Maialen Unanue Irureta.
ANALISIA

Ardura denena da

2016ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
ZAS Zurrumurruen Aurkako Sarea sortu dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 30 udal, instituzio eta gizarte eragilek. Etorkinen inguruan dauden aurreiritzi eta zurrumurruak gezurtatzea du helburu, xenofobia eta arrazismoa sustatzen dutelakoan. Babes zabala jaso du; besteak beste, Eusko Jaurlaritzarena, Eudelena, hiru foru aldundiena, Gasteiz, Bilbo eta Donostiako udalena eta Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiarena.

Kazetari eta hedabideek zurrumurru horietan duten arduraren inguruan solasaldia egin zuten. Eztabaidaezina baita erantzukizuna izan badutela; handia, gainera. Kazetarien «itzultzaile lana» aipatu zuten: argitaratu aurretik, erredakziora iristen den informazioari forma ematen diotela. Eta hala da. Prozesu horretan egiazkotasuna zorrotz errespetatzea da koska. Egiaren zatirik ez ezkutatzea. Titulu interesaturik ez egitea. Adierazpenak adierazpen gisa aurkeztea, ez errealitate absolutu gisa.

Sen onez ari den edonork zainduko du egiaztakotasuna. Are gehiago, gaia labainkorra bada. Esan nahi baita hedabide batek ezin duela estigmatizatuta dagoen —are, baztertuta dagoen— talde baten aurka egin. Ezin daiteke epaile izan. Interpreta dezake errealitatea —esan nahi baita, egiten duela—, baina hortik aurreiritziak elikatzera, talde minoritario baten aurka egitera, jauzi handia dago. Alde izugarria dago. Min emateko modu asko daude: arreta pixka bat jarri ezean, oharkabean pasa daitezke hautu kontzientea duten informazioak. Hautua egiten dute kazetari eta hedabideek: hor arduraren zama.

Txostenez eta ardurez aipatuta. Ez al dira ordezkari politikoak erantzule, kazetari eta hedabideak diren bezala? Ez ote dituzte titulu interesatuak bilatzen? Adibidez: zein izan ote da Gipuzkoako Gizarte Politikako sailburu Maite Peña eta haren lantaldearen asmoa «erakartze efektua» mamua haizatzean? Jakinda, gainera, DBSLk ez zuela eragin etorkinen etorrera agerikorik. Non galdu da agintarien ardura?

Diskurtso horien berri eman behar dute kazetari eta hedabideek: ez haien bozgorailu izateko, haien analisi kritiko bat egiteko baizik. Hori egin behar luke sen onez ari den edonork. Horien ondorioz sor baitaitezke gizarte mugimenduak —Gora Gasteiz lekuko—. Tamalez, eta, batez ere, aurreiritziak dira sortzen dituztenak. Arreta pixka bat jarri ezean, hartzaileek barruraino irents ditzakete, eta egiatzat hartu. Aurreiritzi, zurrumurru eta gezur besterik ez diren arren.

Beraz, zilegi eta desiragarri da instituzio publikoek ZAS bezalako ekinbideekin bat egitea: baina sinatze hutsetik harago, euren karguaren zamaz hausnartu behar lukete adierazpenak egiten dituzten aldiro. Eta sen onez ari badira, behintzat, hartutako konpromiso horiekin gogoratu eta praktikan jarri behar lituzkete. Ardura denena baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.