Pastor
DARWIN ETA GU

Askatasunaren esklaboak ote?

2023ko uztailaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Sei urte igaro dituzte elkarrekin bizitzen. Etxe berean, gau eta egun. Ofizialki ez dute lotura legalik, baina bikote egonkorra osatzen dute. Halaxe dirudi, behintzat. Ordea, itxura hori hankaz gora jar dezake edozerk edonoiz. Eta erlazioa leherrarazi.

Bere enpresak Bartzelonan lan egitera bidaliko duela esan dio mutilak neskari, egun batetik bestera. Noiz arte? Ez daki. Katalunian bakarrik egon nahi duela azaldu du. Bizia bizi. Hura ere nahi duena egiteko libre dela jakinarazi dio bikotekideari. Ez dago ezertara behartuta. Loturarik ez. Zur eta lur gelditu da neska. Sei urte. Zer gertatu da?

Bartzelonara joan beharrak hautsi du erlazioa. Zer izango zatekeen enpresak lekuz aldatzeko proposamena egin ez balio mutilari? Berdin segituko zukeen bikoteak? Orain artekoak ez du maitasun harremanetan espero den gutxieneko konpromisoari eusteko oinarririk izan. Norberaren aukerak eta espektatibak aldez aurretik xehatu, argitu eta harreman horren ezaugarriak ondo zedarrituz gero, bikain. Ez dirudi kasu honetan hala izan denik, baina. Zer espero daiteke beharlekua aldatu eta erlazioa kolpetik moztu duen bikotekide batengandik?

Gure garaiak. Mundua aldatu egin da eta, horrekin batera, gure gizarte egiturak eta harremanak. Egoera ez da duela 40-50 urte bezalakoa. Gure aitona-amonen denboran behin-betikotasuna zen nagusi. Uste baino gehiagotan guztiz behartua, ados. Orain, aldiz, beste muturreraino joan gara. Erabateko behin-behinekotasun afektiboan bizi gara.

Gure askatasun bakarra mingostasuna ala plazera aukeratzean datzala esan zuen Milan Kundera hil berriak. Idazlearen iritziz, gure patua huskeria denez gero, ez dugu akats gisa eraman behar. Gozatzen jakin behar dugu, besterik ez. Ez da aholku txarra, neurriz hartzen badugu.

Oscar Wilde haratago joan zen esaldi ezaguna bota zuenean: «Tentazioa ondotik kentzeko modu bakarra tentazioan erortzea da». Jeinu irlandarrak ez zuen bukaera biribildu: «Baldin eta zeure jokaeraz maite dituzun eta maite zaituzten pertsonei min ematen ez badiezu». Ez da fededun sutsua izan behar erlijioek beti goretsi eta sarri erreparatzen ez diegun aholku unibertsalak balioesteko: besteak maite zeure burua maite duzun bezalaxe. Besteei ez egin zeure buruari egingo ez zeniokeenik. Baina zer gertatzen da geure burua maite ez badugu?

Antzinako arau sozialak apurtu egin dira —zorionez, hein handi batean—. Zurrunegiak ziren. Orain, berriz, oso lausotuak ditugu lotura afektiboen mugak. Finegiak. Noiz gara, noiz osatzen dugu bikotea maitasun harremanetan? Hobeto esanda: noiz ausartzen gara bikotea izatera, bikotea garela esatera? Lehen, portalean belena sartu baino lehen ginen bikotea. Orain, ostera, ez gara bikotea portalean belena eta kabalkada osoa sarturik ere. Konpromisoaren beldur gara. Askeak izan nahi dugu. Askeak, katerik eta kalterik gabe.

Rod Steiger aktoreak, In the Heat of the Night filmari esker (1967) Oscar saria lortu zuenak, bere bizipenen berri eman zion Squire aldizkariari, 2007an: «50eko urteetan psikologoarenera joan nintzen. Modan zegoen orduan. Hauxe esan nion: 'Nik libre izan behar dut sortzeko; libre izan behar dut gauzak egiteko; libre izan behar dut nahi dudanean jaikitzeko; nahi dudanarekin oheratzeko; nahi dudana egiteko. Ni ezin naute gobernatu. Nik libre izan nahi dut'. Eta hark zera esan zidan: 'Oso ondo dago hori guztia, baina kontuz, ez ote zaren azkenean askatasunaren esklabo bihurtuko'».

Sei hilabete daramatzate elkarrekin. Ez dira herri berean bizi eta asteburuak aprobetxatzen dituzte egoteko: taberna, zinema, festak... Bikotea dira ala soilik txorta-lagunak? Ez diote elkarri argitu. Goiz batean, beste sentimendu batzuk sortzen ari zaizkiola adierazi dio neskak, asko kostata, mezu baten bidez. Sakelakoa mututu egin da. Biharamunean heldu da erantzuna. Bera ere zerbait nabaritzen hasia dela azaldu du mutilak. Bezperan blokeatu egin zen. Bere sentimenduak aitortzearen beldur zen.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.