BERRIA, hogei urtez ezinbesteko bidaide

Igor Astibia Teiletxea
2023ko ekainaren 15a
16:14
Entzun

Beti eman dit errespetua itsasoak, agian lehorrekoa naizelako, ez dakit. Itsasontzirik handienak ere txiki ikusten dira itsasoaren handitasunean eta zer esanik ez txikiagoak direnak. Horrexegatik, miresgarria iruditu zait beti gaueko iluntasunean itsaso zakarrean sartzen direnen ausardia. Zerk bultzatu zituen lehen marinelak itsaso arrotzean abiatzera? Hil ala biziko arrazoiak izango zituzten, dudarik gabe, lehorreko babesa utzi eta olatu arriskutsuen erresuman barrena abiatzeko.

Ugariak dira historian zehar pertsona ausarten balentriak eta, hein handi batean, pertsona edo gizatalde ausart horien ekintzek egiten dute historia. Eta zorionez, gurean ere badira horrelakoak. Gaur bereziki gogoratu nahi ditut, itsaslapurren erasoaren ondorioz urperatutako itsasontziaren zatiak oraindik ur gainean zirela, euskarazko itsasontzi berria eraiki eta erdaren itsaso arrotzean abiatzea lortu zuten horiek. Argi dago motibazio handiko pertsonak izan zirela, norabidea argi zutenak, bere bidea erabaki nahi duen herri batek behar dituen horietakoak. Erasoak eraso, itsaso zabalean barneratu ziren berriro ere, enbatak, ekaitzak eta mota guztietako haize bortitzak gainditzeko asmo sendoz. Eta lortu dute, egin dute bidea. Ohartu orduko bi hamarkadako bidea egin du BERRIAk, euskarazko komunikabideen ontziterian ezinbesteko bilakatu den itsasontziak.

BERRIA ez dabil bakarrik, ordea; badira norabide berean doazen bidelagunak. Euskarazko komunikabideek osatzen duten ontziteria askotarikoa eta aberatsa da. Badira hedabide orokorrak eta espezializatuak, badira nazionalak eta tokikoak, telebistak eta irratiak, paperean ere eskaintzen direnak edota digital hutsak direnak, denak ere gero eta digitalagoak, garai berriek eskatzen duten bezala. Bakoitzak bere eskifaia du eta proiektua gobernatzeko modu eta manera desberdinak, baina guztiek dituzte antzeko erronkak eta, garrantzitsuena dena, norabide bera. Egun euskal herritarrei euskaraz informatzeko, entretenitzeko eta, oro har, euskaraz bizitzeko aukera eskaintzen dien euskarazko komunikabideen ontziteria zabala dugu pertsona ausart askoren lanari eta komunitate zabalaren babesari esker.

Bada, bidaia zail bezain eder horretan BERRIAk hogei urte bete ditu jada. Bi hamarkada informatzen, bidea irekitzen, bidea argitzen, bai euskarazko komunikabideen sektorean, bai eta herri honen hizkuntzaren normalizazio prozesuan ere. BERRIA ez baita komunikabide bat soilik. BERRIA zerbait gehiago da. Bere zeregina euskal herritarren artean kalitatezko informazioa hedatzea baino askoz gehiago da. BERRIA euskararen normalizaziorako aparteko eragilea ere bada, euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzeko ezinbesteko tresna. Izan ere, urte hauetan guztietan esperientzia handia metatu du BERRIAk, eta egun bere eskifaia esperientzia eta kemen handiko marinelek osatzen dute.

Bidaia hasi besterik ez da egin, ordea. Oraindik ere bide luzea dute aurretik euskarazko komunikabideek, arriskuz eta aukeraz betetako bidea. Guztiek ere trebezia handia erakutsi beharko dute ortzi mugan ikusten diren hodeiek iragartzen dituzten ekaitzak gainditzeko.

Kazetaritzari bete-betean eragiten dioten teknologia berrien garapen azkarraren aurrean ongi egokitzea, negozio ereduaren aldaketaren aurrean bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko hartu beharreko erabakiak tentuz hartzea, edukiak plataforma berrietan eta era desberdinetan eskaintzeko erronkari aurre egitea, sostengua ematen duen komunitatearekiko lotura are gehiago sendotzea, proiektu berriak sortu eta abiatzea, euskarazko gainerako komunikabideekiko elkarlana sustatzea eta errealitate bihurtzea dira, besteak beste, gure ontziteriak landu beharko dituen gaiak. Baina zalantzarik ez dugu: etorkizunean ere, iraganean egin duen bezala, euskarazko komunikabideen sektoreak irtenbideak bilatzen jakingo du.

Hekimen elkartean argi dugu aipatutako erronkak sektore osoarenak direla eta errazagoa dela datorrenari taldean aurre egitea, eta horrexegatik beragatik, euskarazko komunikabideei laguntza eta babesa eskaintzeaz gain, elkarlana sustatzea da gure egitekorik garrantzitsuenetakoa. Batasunak ematen digu indarra. Elkartea proiektu komunikatibo desberdinez osatzen bada ere, testuinguru orokor zaila eta helburu nagusiak konpartitzen ditugu eta horrek elkarlan aukerak errazten ditu. Kazetaritzaren mundua eraldaketa prozesu bizian dago, mundu mailako testuinguru aldakorrak eraldaketa sakona eskatzen du eta argi dugu, euskarazko proiektu komunikatibo guztiak beharrezkoak diren heinean, ez dela inor atzean utzi behar. Hekimenen gogo biziz lan egingo dugu euskarazko komunikabideen ontziteriak aurrera egin dezan, etorkizunean ere euskaraz bizi nahi duen ororentzat erreferentzia izaten segitzeko. BERRIAk beste horrenbeste urte eta gehiago bete ditzan eta garapen horretan euskarazko komunikabide guztiak bidelagun izan daitezen.

Bihotz-bihotzez, zorionak, BERRIA. Hor ari zaretela jakiteak lasaitasuna eta ziurtasuna eskaintzen ditu eta etorkizunean ere hor egongo zaretela sentitzeak bidea argitzen du. Zabaldu haize-oihalak, tinko eutsi lemari, eta segi dezagun euskaraz biziko den herria helburu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.