inaki petxarroman
Pasaiako portua. Kanpoko portuaren proiektua, bertan behera. ANALISIA

Beste partida bat

2014ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Grafikoki azaldu du Ricardo Peña Pasaiako Portu Agintaritzako lehendakariak kontua: «Jende askok gai hau hartzen du Athleticen eta Realaren arteko derbi bat balitz bezala». Haien arabera, Bilbok kanpoko portua badu, Pasaiak zergatik ez?

Tamalez, Peñaren gogoeta ez dela oinarririk gabekoa azaltzen duten hamaika adibide daude hemerotekan. Miguel Buen sozialistak, esate baterako, horixe adierazi zuen El País egunkarian egindako elkarrizketa batean Portu Agintaritzako lehendakari zen garaian, 2009an: «Bilbok portu handi bat dauka, eta guk eztabaidatzen jarraitzen dugu».

Gipuzkoak Bizkaiarekin duen gutxitasun konplexuaren beste adibide bat baino ez da portuarena. Hamaika gehiago aipa zitezkeen: aireportua, BEC, energia planta handiak... Hankak lurrean jarri eta Pasaiako kanpoko portuaren proiektua ezinezkoa dela jendaurrean esatera ausartu den lehena da Peña. Zama dira harentzat aurrekoek (haietako asko alderdikideak) proiektuari buruz esandako hitz potoloak. Zama handiagoa izango litzateke, ordea, kanpoko portuaren proiektuarekin tematu eta aurrera jarraitzea. Berandu bada ere, geratu izanaren meritua aitortu behar zaio Peñari. Denborak esango du ea, logikak eta zenbakiek agintzen duten bezala, behin betiko erabakia den edo ez.

Kontuak kontu, jadanik partida ez da jokatzen Jaizkibelgo itsaslabarretan. Badia barruan hasi da norgehiagoka. Gipuzkoaren ahalmenaren eta tamainaren neurrira. Portuaren eta inguruko herrien beharrak zehaztu eta eskuzabaltasunez jokatzeko garaia da, eta akordio zabalak lortzeko borondatea beharko da horretarako. Partida horretan denak irten litezke garaile: herritarrak, portua, ingurumena, erakundeak... Eta komeni da ez ahaztea eztabaida hau gehiegi atzeratu dela, eta Pasaia aldeak bi hamarkada galdu dituela oinarririk ez zuen proiektu baten erruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.