arantxa iraola
Analisia

Bilbon batutako sentimendu horiek

2023ko azaroaren 6a
13:29
Entzun

Oso lanpetuta ibili da J. azken asteotan. Zeharka leitu ditu albisteetan Euskalgintzaren Kontseiluak larunbatean Bilbon egin zen manifestaziorako eman zituen argudioak, «oldarraldi judizial» deitu duten horren gaineko zehaztasunak, eta ez daki xehe-xehe zer diren protestarako bidea eman duten sententziak. Baina martxara joateko premia sentitu zuen: «Argi nuen etorri egin behar nuela». Antzera, X. Urrutitik etorri zaio iloba txikia, 5 urtekoa, haren ondoan egotea beste desiorik ez du izaten ondoan izaten duenetan, baina Bilbora joateko beharra sentitu zuen, eta azalpena eman zion haurrari, hark ulertzeko eran: «Izebak euskararen alde egitera joan behar du». Oso handia izan zen Bilbon larunbatean egin zen manifestazioa, aurreikuspen guztiak gainditu zituen, eta han elkartu ziren manifestari askok antzeko bizipenak izango zituzten. Salatu nahi ziren ebazpen judizial denak xehe zer diren ez zuten jakingo, baina euskararen aurkako oldartzeak zer diren badakite, ahulduta dagoela ere bai: sentitu egiten dute.

«Oldarraldi» deitu den horren atzean askotariko sententziak daude. Hizkuntza eskakizunekin lotutakoak dira hainbat; funtzio publikoan ari diren langileei eskatzen zaien euskara gaitasunari buruzkoak. Administrazio publikoarekin lan egiten duten enpresei egindako eskakizunekin lotutakoak ere badira, eta EAEko udal legearen kontra ebatzitakoek lortu dute aparteko oihartzuna. Baina denak dira zentzu berekoak: euskarari hegoak mozteko helburua dute, haren erabilera mugatzekoa. Arkitektura juridiko oso bat eraiki da igaro urteotan euskarak administrazio publikoan bidea egin dezan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bereziki aurrerabide batzuk egiteko modua eman du horrek, baina epai horien ondorioz eraisten ari da. Horregatik zen garrantzitsua oldarraldia salatzea.

Baina Kontseiluak argitasuna izan zuen manifestazio amaierako mezua ez justiziaren ebazpen horien kontra mugatzeko, baizik eta, oro har, euskarak akordio «soziopolitiko berri bat» bat behar duela gogora ekartzeko, hizkuntza politikan« jauzi bat» egin behar dela aldarrikatzeko. Izan ere, erronkak handia dira, eta hizkuntzaren normalizazioa eragozteko abiatutako auzibideek dakartzaten zailtasun erantsiez haragokoa.

Datuei begira, esaterako, euskara artifizialegia da askotan hiztunentzat, munduari esan nahi dizkiotenak esateko kamutsegia. Mugarria ezarri du Iñaki Iurrebaso soziolinguistak bere doktore tesiarekin, ikuskera eraberritzen lagundu du euskararen auziari erreparatzeko, eta, haren datuen arabera, euskara errazago egiten duten hiztunak %7-8 dira gaur egun. Euskarak laguntzarik handiena duten eremura begira ere, alde horretatik, atzerapena. Horra azken Inkesta Soziolinguistikoan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuak, aurten labetik atera berriak: euskaraz hitz egiteko erraztasun handiagoa duten euskaldunak % 27,4 dira egun; 1991n % 34,6 ziren. Gaitasunaren auziari tentuz erreparatu beharra dakar horrek, erabileran eragiteko ezinbestekoa baita. Hezkuntza ezinbestekoa da hor, hezkuntza sistemak euskaldunduko duela ziurtatzea, baina horrekin ez da aski izango.

Euskaraz hobeto moldatzen diren euskaldunen artean nerabe baten sentimendua horra zein izan daitekeen: haurtzaroaren magala utzi berritan sentitzen hasiko da, ulertzen hasiko da, eskolan eta familian euskararen alde jasota dituen mezuak, kantuan eta era hain amultsuan entzundakoak ere, ahots mehe-mehe bat direla ia osorik erdaraz ari diren ikus-entzunekoetan, erakargarrien zaion aisialdian. Azken urteotan mugimendu indartsua sortu da, hain justu, eremu horietan euskararen presentzia «eskasa» dela salatzeko, eta sakoneko aldaketak eskatzeko. Horri erreparatzea ere ezinbestekoa da.

Funtzio publikoan euskara eskatzen jarraitzeak ere erabateko zentzua du. Medikuarenera doazenean, kontsultan usu izaten den sentimendu zaurgarri horretan ere, hizkuntza hautua errotik aldatu behar duten euskaldun horien deserosotasuna saihestu beharrekoa da, adibidez, edota auzibide bat abiatu behar eta euskaraz jarduteko murrua aurrean gaindiezin sentitzen duten horiena. Eta errealitate dira biak. UEMA udalerri euskaldunen mankomunitateak aurten emandako datua horra: hamar osasun langiletik hiruk ez daukate euskara maila egiaztatuta udalerri horietan ere. Eta Eusko Jaurlaritzak berak emandakoa da justiziari buruzko datua: justizia administrazioan %45 dira dagokien hizkuntza egiaztatua duten langileak, eta oraindik ez da lortu osoki euskaraz bideratutako espedienterik, hasi eta amaitu arte, itzulpen beharrik gabe.

Erosketak egitera ohiko okindegira doan erosle euskaldunak ere sentitzen du zimiko bat, ohiko eran euskaraz hasi, eta establezimendua hartu duen langile berriak arrotz begiratzen dionean, egun ona emateko ere kapaz ez dela. Begirune ikerketa taldeak migratzaileei galdera egin die euskararen inguruan duten pertzepzioaren inguruan, berriki jakinarazi ditu datuak, eta zer pentsatua eman dute; migratzaileek %65ek beren eguneroko jardunean inoiz ez dute euskara entzuten, eta %15ek noizean behin bakarrik. Gizartearen kohesiora begira harrera sistema indartsuak eratzea ezinbestekoa da, migratzaileei ere euskalduntzean laguntzeko, eta haien laneratzean ere euskarak toki bat izan dezan bide berriak bilatzeko.

Halako sentipenez zedarrituta dago Euskal Herria, eta beste askotaz. Horietako asko elkartu ziren larunbatean Bilbon, eta hizkuntza politika berrien abiapuntua izan behar dute. Ezin da ahantzi, hala ere, behin begirada jasota, adabakiz betetako zer oihal ikusten den: hiztun komunitate bat hiru administrazioren pean banatua, ahuldua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.