CJ Twomey munduko bazter guztietara eraman nahi izan du amak azken urtebetean. Semearen gustuko lekuak, bidaiak eta abentura motak aukeratu ditu horretarako. Andreak sare sozialak izan ditu lagun, batez ere Facebook. Bertan orri bat ireki, eta mundu osoko jendearen babesa lortu du. 9.000 lagunek baino gehiagok egin dute bat harekin. Hainbeste pertsona ezezagunen laguntza lortu du, non, azkenean, selektiboagoa izatea erabaki duen. Ezin leku guztietara heldu, ezin eskaintza guztiei erantzun.
Semearen gogoak gidatu du ekimena, semearen ametsak egia bihurtzeak, baina bidean beste helburu batzuk lortu ditu emakumeak, hasieran espero ez zituenak. Batek baino gehiagok mezuak idatzi dizkiote CJ Twomeyren amari hauxe aitortzeko: bizitzari beste ikuspuntu batetik begiratzen diotela orain, semearen nahiak asebetetzeko bultzatu duen ekimenari esker. Horrekin bat egin, eta beste aldarte bat piztu zaie barruan. Batzuk suizidioaren ateetan egon dira, baina laguntza saio horri esker aurre egin diote depresioari. Bizitza ahal denik eta modurik onenean aprobetxatu beharraz ohartu dira. Berandu baino lehen gozatu ihesi doan denboraz, inoiz itzuliko ez denaz.
Suizidioaren gaia du hizpide, hain zuzen ere, Henning Mankell idazle suediarrak bere azken liburuan. «Zerk amorratzen edo nazkatzen du bere buruaz beste egiten duen pertsona? Bizitzak berak. Aspertzeak, gogaitzeak. Goizero zeure burua ispiluan ikusten duzunean sentitzen duzun nekeak», azaldu du Wallander detektibearen sortzaileak, Liberation egunkari frantsesari eskainitako elkarrizketan.
Duela urtebete pasatxo bururatu zitzaion Twomey andreari semea hara-hona eramatea. Duela urtebete pasatxo ere antzeman zioten minbizia Mankelli. Gaitzari azken unera arte aurka egiteko gogoa du idazleak. Horixe azaldu du duela gutxi Suedian argitaratu duen Kvicksand —Harea mugikorrak— lanean. Hiltzeari buruzko hausnarketa da Mankellen testua. Suediarrak «heriotzaren hats hotza» sentitzen du batzuetan, baina ez da haren beldur. Argi du bere geroa zein den. «Gizakiaren patua ahanzturan iluntzea da», adierazi dio egunkari frantziarrari.
Etorkizunean semea ahanzturan ez galtzeko egin du ahalegina Twomey andreak. Ekimenak bizitzeko kemena, poza pizteko balio izan dio. Nolabait modu berezi batean begiratzen dio emakumeak hil ondokoari, zerbaiten esperantzan-edo. Zentzu erlijiosotik fededuna ote den galdetu dio kazetariak Mankelli. «Ez. Errespetatu egiten ditut fededunak, eta haiek ni errespetatuko nautela espero dut».
Facebooken orria irekitzeko asmoa senarrarekin lotu zuen Twomey andreak, BBC hedabide britainiarrak zabaldu duenez. Scattering CJ orrian ikus daiteke semearen ibilbidea. 100 herrialdetan baino gehiagotan dute haren berri. Orri horretan sartu, eta hortxe ageri dira CJ Twomeyren errautsak lau haizeetara bota dituzten lekuak. Afganistan aldetik Galapago uharteetaraino, besteak beste. Hiri handi zein herri txikiak, naturaren leku ezagun eta bitxienak daude zerrendan. Hala ere, argazki bat gailentzen da guztien artetik. Bertan gazte irribarretsu bat ageri da. Eguzkitako betaurrekoak ditu, eta Boston Red Sox beisbol taldearen kamiseta. CJ Twomey da.
Gaztearen amak ontzi batean gorde zituen haren errautsak, baina gero, pentsatzen hasi, eta Twomeyk gustura asko bisitatuko zituen lekuetara eramatea deliberatu zuen. Semea heriotzaren itzaletatik bizitzaren argietara itzularazteko modu sinbolikoa izan zen. Haren heriotzak eragindako erruduntasun sentimendua aldentzeko modua. Izan ere, CJ Twomey soldadu estatubatuarrak bere buruaz beste egin zuen 2010eko apirilaren 14an. Hogei urte besterik ez zuen Maine-ko gazteak. Handik hiru urte eta erdira hasi zen ama errautsak munduan barreiatzen.
Mankellek ez du kemena galdu: «Bizitza behin baino ez da gertatzen: horixe dugu haren alde ederrena. Ezin duzu gelditzeko esan, atzera egin, eta berriro hasi. Bizitza bakoitza bakarra da, originala».

DARWIN ETA GU
CJ Twomey soldadua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu