Hilberria. Kepa Bereziartua

EAE-ANVren azken presidentea

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
2014ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Kate luze bateko azken katebegia. Alderdi historiko baten azken presidentea: Kepa Bereziartua, EAE-ANV Eusko Abertzale Ekintzakoa. Duela 64 urte jaio zen, Bilbon, eta gaixotasun baten ondorioz hil zen atzo, Gasteizen, Txagorritxuko ospitalean. Bizkaiko hiriburuan jaio zen, baina Arrasaten (Gipuzkoa) bizi zen gaur egun, eta han egingo diote azken agurra, gaur, 19:30ean, Arrasateko Aldai parkean. Gerra Zibileko hotsak bizirik jarraitzen zutela, EAE-ANVko militante egin zen Bereziartua. Buruzagi historikoak erbestean zirela, alderdia biziberritzen aritu zen gazte taldeko kidea izan zen, eta EAE-ANV legeztatu zutenean, EAE-ANV HB koalizioan parte hartzearen alde egin zuen. 80ko hamarkadan, EAE-ANVko ordezkari gisa, HBko Mahai Nazionalean aritu zen, 1985etik 1988ra. Eta EAE-ANV Batasuna prozesutik kanpo geratzea erabaki zuenean, alderdi horretako presidente izendatu zuten, 2002an. 2008ra arte jardun zuen EAE-ANVren zuzendaritzan, harik eta Espainiako Justiziak alderdia legez kanporatu zuenera arte. Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak ETAko kide izatea leporatu zion 2008an, eta akusazio horren pean egon da auzipetuen zerrendan, beste 43 lagunekin batera, epaiketaren zain jarraitzen duen EHAK eta EAE-ANVren aurkako auzian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.