iritzia

Emakunde: "Berresten dugu bakoitzak bere eremutik aurrera pausoak ematen jarraitzeko beharra"

'Cuadrilla busca cita' programa kendu dutela eta, iritzi artikulu bat kaleratu du Ana Alberdi Zubiak, Emakundeko idazkari nagusi eta Begira batzordeko lehendakariak.

2014ko ekainaren 21a
07:01
Entzun 00:00:0000:00:00

"Begira, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen publizitatearen eta komunikazioaren erabilera ez sexista egiteko aholku batzordeak oso modu baikorrean baloratu du, Emakundek berak eta gure gizarteko hainbat eragile sozial eta politikoek egindako proposamena aintzat hartuz, EITBk Cuadrilla busca cita programa kentzeko hartutako erabakia.

Saio honen inguruan gertatutakoak zenbait hausnarketa egitera garamatza. Bat, gaur egungo euskal gizartea askoz sentsibilizatuagoa dagoela emakume eta gizonen berdintasunaren gaiaren inguruan duela hamarkada bat egon zitekeena baino. Programak eragin duen erreakzio sozialak hala erakusten du. Denbora honetan egin diren sentsibilizazio kanpainak, erakundeek, mugimendu feministak eta bestelako eragileek egindako lanak, bere eragina izan dute gizartean, gizartea bera bere eraikuntza prozesuko eragile aktibo eta parte hartzailea izan daitekeela erakutsiz.

Bestetik, programa azkenik kentzeko hartutako erabakiak aurrera pauso bat suposatzen du botere publikoen politiken eta jardunen koherentzian, jardun demokratikoan, eta arlo asko eta ezberdinetatik berdintasunaren alde azken hamarkadetan egin den lanaren errespetuan eta aitorpenean.

Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako 4/2005 Legearen xede nagusia da “berdintasunezko gizartea lortzea, non pertsona oro libre izango den, (…) erabakiak hartzeko, ohiko rolek sexuaren arabera ezartzen dituzten mugak izan gabe; gizarte bat non berdin aintzat hartu, baloratu eta bultzatuko diren emakumeek eta gizonek dituzten portaera, jomuga eta beharrizanak”.

Era berean, Eusko Jaurlaritzaren Emakume eta Gizonen Berdintasunerako VI. Planak onartutakoaren arabera, “berdintasun subjektiboan (...) aurrera egiteko, eraitsi eta ezabatu egin behar dira norberaren eta taldearen buruan sakon errotuta dauden balioak, sinesmenak, mitoak, estereotipoak eta rolak”.

Eta ezin dugu ahaztu Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, lan handia eginez,  Hezkidetza Plan bat onartu eta abiarazi duela bere ikastetxeetan, eta berdintasunean oinarritutako hezkuntza integrala sustatzea duela helburu, genero-estereotipoetan eta sexuen arteko hierarkia-harremanetan nahiz pertsonen arteko jarrera bortitzetan oinarritutako jarrerak erauziz, emakumeen aurka gauzatzen direnak batez ere.

Bidea ez da samurra, sexua-generoa sisteman oinarritutako pertsonen arteko harremanetan eta gizonek hegemonia-jarrera okupatzen duten eta emakumeek mendekotasun-jarrera hartzen duten harreman hierarkiko batean oinarritutako eredua eraitsi behar baita. Eredu hori guztiz errotuta dago gure bizitzetako eremu guztietan, "natura" izaera hartu arte; hori dela-eta, oso zaila da hura ikusgai egin, eta beraz, errotik kentzea.

Komunikabideek eragin handia dute berdintasunean oinarritutako gizarte baten eraikuntza prozesuan. Gure gizartean hain beharrezkoa den balio aldaketarako ahalmen izugarria dute. Ezin da ulertu gaur egungo gizartean indarrean dagoen balio sistema komunikabideetan erakusten diren edukien eragina kontuan izan gabe, eta hor datza haien ardura soziala.

Errealitate mediatiko hauei aurre egin, eta eredu eta begirada berriak eraikitzeko komunikabideekin modu orokor batean lan egitea lehentasunezko helburu bat da, guztiz beharrezkoa berdintasunean, errespetuan eta elkarbizitzan aurrera egiten jarraitzeko. Horregatik pozik hartu dugu azkenik EITBk emandako pausoa eta berresten dugu bakoitzak bere eremutik aurrera pausoak ematen jarraitzeko beharra, berdintasunarekin guztiok goazelako aurrera".  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.