Karmelo Landa.
Baietz LIBRE!

Errealitatea perituaren begietatik

2013ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Errealitatea bat eta bera ei da, hala diote. Baina asko aberasten ei da errealitatearen pertzepzioa peritu baten begietatik. Zer esanik ez, peritu hori polizia baldin bada. Edo guardia zibil espainiarra, kasurako. Gu, ordea, ez gara poliziak, ez gara espainiarrak. Auzipetuak gara gu. Euskaldun auzipetuak. Horregatik hasten da gure errealitatea goizaldeko bostetan gaur bezalako egun batez, Bilboko Areatzan, edo Errotxapeako errotondan, eta abiatzen da furgonetaz Madril aldera, txingor atabalariaren erritmoan lehenik, laino bare zerratuan gero.

Heltzen da gure errealitatesetati hau Audiencia Nacional deituaren atariraino, goizean goiz, eta han egiten du topo oso bestelako errealitate batekin, guk epaitu ezin duguna, ez baikara hartan peritu, eta deskribatu baino egingo ez duguna. Epaileak ez dira heldu oraindik, trafikoa astuna ei da gaur Madrilen. Berandu hasiko gara gaur ere. Hamaikak aldera edo.

Fiskala hasi da akusazioak pizten. Polizia-ertzain-perituak ekarri ditu gaur. Lehenak bere identifikazio zenbakia erratu egin du, eta epaile-buruak zuzendu: 59.641. Zerrenda bukagabean aurkeztu ditu salaketa ugari: mehatxuak, telefono dei gordinak… beti ere «Batasunaren jarraitzaileek eginak» zirelakoan. Defentsako abokatuek galdetu dutenean horietan guztietan salatzaile zehatzik egon den inoiz, erantzuna: ezetz. Inori leporatu zaion mehatxu horietako baten bat, eta ezetz berriro. Inoiz inor epaitu ei duten, ezetz. Ea berak, peritu gisa, ezer egin duen kasu horietako baten batean, eta ezetz.Haserre abokatua une horretantxe, ea orduan zer peritu mota den. Epaile-burua, prestu, poliziaren alde: «Berdin dit niri periziala den edo lekukotasuna den. Balio du eta puntu!».

Ez dugu guk epailea epaituko, jakina. Eta jarraian modu horretako beste bost ertzain peritu deitu ditu fiskalak.Galderak eta galderak. Une batean, epaile-buruak fiskalari: « Aizu, mesedez, zeuk galdera egin eta zerorrek erantzutea ez da batere egokia!». Baina agian fiskal-peritua zen, guk ez dakigu eta.

Azken perituak ekarri du ustekabea. Jon Uriarte ez zen polizia gertakarien garaian, baina Ertzaintzaren zuzendaria zen Gasteizko Gobernuan. Fiskalak berritu dionean garai hartan epaile instruktoreak egindako galdera, «Mahai Nazionalak ba ote zuen harremanik ETA abangoardia armatuarekin?», orduan bezala erantzun du: ez zuela inolako harremanik. Ea nola dakien hori, fiskalak. Mahaikide guztiak eta hauen jokabidea banan-banan aztertuta, erantzun zuzendariak. Hurrengo galdera bat fiskalak: ea Anoetako mitinaren garaian, 2004an, ze norabide hartu zuen Mahai Nazionalak. Erantzuna, etorkizuneko ildo politikoa edozein biolentzia motatatik urrun eta ETAren estrategiatik bereizia irudikatzen zutela.

Perituen kontuak izango dira, baina, orduan zer.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.